"Pentsio duinen" aldeko mobilizazio zabala izan da Gasteizko kaleetan

Erredakzioa 2018ko ots. 22a, 19:15

Pentsiodunen plataformak deituta, erdiguneko kaleak igaro ditu manifestazioak. / E. Ugarte

Pentsioen igoera KPI kontsumo-prezioen indizeari egokitzeko eskatu dute ehunka lagunek.

Pentsiodunen plataformak deituta, hainbat mobilizazio izan dira Euskal Herriko hiriburuetan, Espainiako Gobernuak pentsioei %0,25eko igoera minimoa aplikatu izana salatzeko. Artiumetik abiatu da, 19:00etan, Gasteizko manifestazioa Pentsio publiko duinak zioen pankartaren atzean.

Salatu dutenez, %0'25 baino ez dira handitu aurten pentsioak, 2017an Kontsumoaren Prezio Indizea %1’1 igo den bitartean. Zerbitzu Sozialak indartu eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzeko eskatu dute. "Ez dago aitzakiarik, izan ere pentsiodunen erosteko ahalmena, 2011tik hona, %6,5 galdu dugu", salatu dute manifestazioan. Rajoyren gobernuak "inposatutako" %0,25eko igoera ezartzen badute, erosteko ahalmena "gainbehera" joango dela nabarmendu dute. "Ezin da alde batera utzi bizitza duina izateko eskubide eta nahia, kontuan hartzen baditugu lan egindako eta kotizatutako urteak". 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago