Martxoak 8

Martxoaren 8ko greba feministaren gakoak

Erredakzioa 2018ko mar. 7a, 18:19

Lau orduko lanuzteak deitu dituzte, eta mobilizazio nagusiak 12:00etan eta 20:00etan izango dira.

Inoiz baino gehiago, emakumeak protagonista izango dira martxoaren 8an. Greba eguna izango da, Euskal Herriko mugimendu feministak antolatutakoa. Biharko protesta ez da enplegura mugatuko, eta beste hiru esparrutara zabaldu dute: kontsumoa, lana eta zaintza. "Gure kontsumoa, etxeko eta zaintza lanak, soldatapeko lanak eta ikasketak geldiaraziko ditugu; erakutsiko dugu gu gabe ez dela produzitzen, eta gu gabe ez dela erreproduzitzen", azaldu dute mugimendu feministako kideek.

 

 

 

Eguneko mobilizazioak

Mugimendu feministak egun osoko greba deitu du (CNT eta CGT sindikatuek deituta), baina Euskal Herriko gehiengo sindikalak lau orduko bi lanuzte deitu ditu: goizean (11:00-15:00) eta arratsaldean (18:00-22:00). Mobilizazio nagusiak eguerdiko 12:00etan eta arratsaldeko 20:00etan izango dira. Arabako kuadrilla ezberdinetan, esaterako, ekimenak eta mobilizazioak antolatu ditu mugimendu feministak. Gasteizen, 12:00etan elkarretatzea egingo da, Andre Maria Zuriaren plazan. 20:00etan, berriz, manifestazioa abiatuko da San Anton plazatik.

 

Arabako ALEAko emakumeak ere greban

Arabako ALEAko emakumeok mugimendu feministak martxoaren 8rako deitutako greba egitea erabaki dugu. Erredakzioko kazetariok egun osoko lanuztea egingo dugu egun horretan, eta horrek eragina izango du webgunean eta aste honetako aldizkarian. Alea.eus-en soilik eguneko jarraipena egingo da, eta albiste bat zuriz agertuko da. Astekariko orri batzuk ere zuriz agertuko dira, greba eguna agerian geratzeko.

Horrez gain, asko dira grebarekin bat egin duten eragile eta erakundeak, tartean, sindikatuak eta alderdi politikoak. Gasteizko udaletxean, esaterako, EH Bildu, PSE, Podemos eta Irabazi udal taldeetako emakumeek greba egingo dute. EAJk, manifestazio nagusiarekin bat egin dugo duen arren, ez du grebarik egingo, ezta PP udal taldea ere.

 

Zer egin gizonezkoa bazara eta greba babestu nahi baduzu?

Mugimendu Feministak ere osteguneko greba babestu nahi duten gizonei irizpide batzuk eman dizkie. Aita bazara, adibidez, zure seme-alabetaz arduratu zaitezke eta eztabaida ezberdinetan edota ikasle greba posible egiten laguntzeko deia luzatu dute. Eta laguna bazara, zure lagunen umeak zaindu ditzakezu.

Irakaslea bazara, aldiz, zerrendarik ez pasatzea gomendatzen dute. Eta klasekidea bazara, eskolara joan behar ez duten emakume ikaskideak eta ikasleen lanuztea babestu ditzakezu.

Egunean bertan, mobilizazioren batean parte hartu nahi baduzu, atzeko partean jartzeko deia luzatu dute, agindurik eman gabe eta laguntzeko jarrerarekin.    

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago