2011. urteaz geroztik ez dute inolako soldata igoerarik izan Etxez Etxeko Laguntza zerbitzuko langileek, ezta hobekuntzarik ere haien lan baldintzetan: "Azken urteotan lankide askok lanpostua galdu dute, eta lanean jarraitzen dugunok baldintza negargarrietan egiten dugu gure lana". Hala salatu dute eguerdian Arabako Diputazioaren aurrean egin duten elkarretaratzean. Lehenengo mobilizazioa da hurrengo egunetarako deitu dituzten lanuzte partzialen barruan. Martxoaren 1ean eta 8an ere lanuzteak eta mobilizazioak egingo dituzte.
Arabako Diputazioak eta Gasteizko Udalak bost enpresa pribaturen bitartez azpikontratatuta dute zerbitzu hau. Hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazio saiakera egin dute langileek, baina enpresen erantzuna izan da Diputazioaren eta Udalaren aldetik finantziazioa bermatzeko konpromisorik ez dagoela, eta horrenbestez, lan baldintzak bere horretan mantenduko dituztela. Besteak beste, bederatziehun euroko soldata garbia kobratzen dute etxez etxeko langileek, eta egunean hamar orduko prestutasuna izan behar dute, azkenean lau ordu eta erdi lan egiteko. Gainera, langile batzuk orduka lan egiten ari dira, orduro bederatzi euroren truke. 2011. urtetik hona zazpi puntu jaitsi da zerbitzuko langileen erosteko ahalmena.
Erakundeak Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua desagertzen ari direla uste dute langileek: "Duela sei urte bost mila lagun artatzen genituen zerbitzuko langileek, eta egun 2.900 erabiltzaile ditugu. %40ko murrizketa egon da zerbitzuan, eta 500 langile gutxiago gara". ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuko delegatuek salatu dutenez, nahiz eta laguntza behar duten menpeko pertsonen kopurua igo, erakundeek ez dute Etxez Etxeko Laguntzaren aurrekontua handitu: "Hamabost milioi euroko aurrekontua dutela esan dute, eta gainera erabiltzaileei tarifak igo dizkiete; bada, non dago diru hori?" galdetu dute.