2011. urtetik hitzarmen kolektiboa izoztuta dagoela salatu dute Arabako Etxez Etxeko Laguntzako langileek, eta ordutik lan eskubideak eta soldatak ez direla hobetu. Egoera salatzeko, hilaren 22an eta martxoaren 1ean eta 8an lanuzteak egingo dituzte, 12:00etatik 15:00ak arte. Halere, kontzentrazioak egingo dituzte bihar, 13:00etatik 14:30ak arte, Gasteizko Probintzia Plazan, eta Guardiako Plaza Nagusian.
Langileek adierazi dutenez, erakundeek eta enpresek ez diete beste aukerarik eman: "Badakigu horrelako erabakiak erabiltzaileengan ekarriko dituen ondorioak; oinarrizko zerbitzua egiten dugu, eta egunero behar gaituzten pertsonen ondoan gaude, baina sektoreko enpresen eta erakundeen itxikieriak hitzarmen kolektibo duina lortzeko negoziazioa oztopatu du, eta beste alternatibarik ez digute utzi".
Zortziehun langile daude Araban Etxez Etxeko Laguntzaren zerbitzuan, gehienak emakumeak dira, eta 2.981 lagun artatzen dituzte Araba osoan. Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak azpikontratatutako enpresak erabiltzen dituzte zerbitzua emateko.
CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deitu dituzte lanuzteak.