Pentsionistek Gasteizko kaleak hartuko dituzte

Erredakzioa 2018ko ots. 21a, 10:46

Manifestazioa egingo dute bihar, 19:00etan, Artium museotik; besteak beste, pentsio duinak eskatuko dituzte.

Pentsioen igoera "lotsagarriaren" aurrean, mobilizatzeko deia egin du Arabako Pentsionistak Lanean plataformak, eta hainbat protesta antolatu ditu: ostegunean, hilak 22, manifestazioa egingo dute 19:00etan, Artiumetik abiatuta. Horrez gain, martxoaren 5ean, Gasteizen elkarretaratzeko asmoa agertu dute.

Plataformako ordezkari Enrique Garbayok eta Armando Aulestiartek   AleaFM irrati-saioan eskainitako elkarrizketan nabarmendu dute herrialdeko erretiratuak "oso haserre" daudela 2022 urte bitartean, Mariano Raxoiren gobernuak "inposatutako" urteroko %0,25eko igoerarekin, eta "ezinegon hori" kalera atera dutela egindako mobilizazioetan, eta etorkizunean ere, horrela jarraitzeko asmoa dutela.

Azpimarratu dute pentsiodunen erosteko ahalmenaren galera, bitartean, %6,5ekoa izan dela 2011. urtetik hona. Are gehiago, 2022. urtera arte finkatutako igoera hori  ezartzen badute, erosteko ahalmena "gainbehera" joango dela ohartarazi dute. Horren harira, honakoa aipatu dute: "Ezin da alde batera utzi bizitza duina izateko  eskubidea eta nahia, kontuan hartzen baditugu lan egindako eta kotizatutako urteak".

Gutxieneko pentsioa, 1.080 euro

Horren aurrean, pentsio- balioaren igoera kalkulatzerakoan KPI-aren erreferentea berreskuratzea aldarrikatu dute, %25eko igoera apurtuz. Aldi berean, Europako Karta Sozialak gomendatzen duenari jarraituz, gutxieneko pentsioa 1.080 eurotara igotzea eskatu dute. Hori gauzatu dadin eta etorkizuneko pentsioak berma daitezen, baina, gizarte segurantzako sistema propioa beharrezkoa dela diote. Eta hori da, hain justu, antolatutako datozen  protestetan aldarrikatuko dutena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago