SER irratiak Uriarte operazioa-ren inguruko datu berriak atera ditu argitara. Erdialdean merkataritza-gune berria ireki nahi duen Juan Maria Uriarte enpresariak 6,7 milioi euroko kapital-gehikuntza egin zuen Urteim enpresa indartzeko, Londresen zuen enpresa baten bitartez, Charmbond Investments Limited izeneko enpresa.
SER irratiak Espainia, Britainia Handia eta Man uharteko erregistroetan egindako ikerketaren arabera, Londreseko enpresa horretan Man uharteko beste bi elkartek parte hartu zuten, hogei urtez. 2015eko abendura bitartean, Koroa Britainiarraren menpeko uharte hau paradisu fiskaltzat hartzen zuen Espainiak.
2015eko urrian, Man uharteko Rivercroft eta Cedargrove enpresek beren akzioak transferitu eta Charmbond Investments Limited enpresa utzi zuten. Hilabete beranduago, azaroan, Londresetik egin zen Urteim enpresa indartzeko operazio hori.
Urtebete lehenago, Uriartek Gasteizen duen Urteim enpresaren kapital soziala handitu zuen lehen aldiz; honek 12 milioi euroko balioa zuten 22 jabetza zituen Gasteiz, Alacant eta Madrilen. 2015eko azaroan, berriz, Urteimeko bigarren kapital-gehikuntza egin zuen Uriartek. Oraingoan, 6,7 milioi euro izan ziren; Chambornd Investments Limited-etik Urteimera. 2017ko apirilean Chambornd Investments Limited enpresa desegin zuten. Urteim enpresako iturriek "dena legala" dela ziurtatu diote SER irratiari.
Ogasunari ikerketa
Informazio honen aurrean, EH Bilduk eta Podemosek enpresa hauek ikertzeko eskatu diote Arabako Ogasunari. Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko bozeramaile Kike Fernandez de Pinedok adierazi duenez, "Arabako Ogasunak aztertu behar du ea zerga araudiaren ikuspuntutik irregulartasunik egon den eta zerga betebehar guztiak beteta dituen".
Podemos taldeko Asela Ortiz de Muruak ere "zalantzak argitzeko ikerketa" eskatu du, eta Urtaranen gobernuari eskatu dio proiektu honen atzean zer dagoen argitzeko: "Hasieratik, gardentasun eza izan da nagusi".