"Zer dietak funtzionatuko digu bakoitzari? Hori aurreikusi nahi dugu"

Itsaso Estarrona 2018ko ots. 16a, 12:12

Zergatik funtzionatzen die elikadura-eredu batek pertsona batzuei, eta besteei, aldiz, ez? Galdera hori oinarri, ikerketan buru-belarri ari da Maria Puy Portillo, Gasteizko Farmazia Fakultateko katedraduna. Bere ekarpenengatik, ohorezko kide izendatu berri dute Nutrizio eta Dietetika Akademian. 

Denak ez gara berdinak". Gauza jakina da hori. Alabaina, ez da hain agerikoa zergatik dieta berak arrakasta duen pertsona batzuengan eta ez besteengan. Hori ikertzen du, hain zuzen,  "zehaztasunezko nutrizioa" izenekoak. "Batentzat koipe gutxiago kontsumitzea izan daiteke eraginkorra, eta beste batentzat, ordea, jarduera fisikoa". Hori aurreikusteko, adierazgailu genetikoak bilatzen ari dira Maria Puy Portillo eta bere ikerketa-taldeko kideak.

Zer gosaltzen du nutrizio-katedradun batek halako elkarrizketa baten aurretik?  

Haren ezagutzak kontuan hartuta, osasungarriena gosaltzen saiatzen da nutrizio-katedradun bat; alegia, herritarrei gomendatzen zaien gauza bera: esneki bat, karbohidratoak dituen jaki bat –ogia, adibidez– eta fruta ale bat.  

Inoiz baino informazio gehiago dugu elikaduraren inguruan, baina hobeto elikatzen al gara?

Zorionez, nutrizio eta elikaduraren zientziaren lana gizartearengana iritsi da, komunikabideetan elikadura-saio asko daude, eta, oro har, gaiarekiko interesa piztu da. Alabaina, horrek ez du ekarri elikaduraren hobekuntza argi bat. Agian, gaur egungo okerrak duela urte batzuenetakoen ezberdinak dira, baina, azkenean, gure dietaren ebaluazioa ez da ona. Harrigarria da, bai, baina ulergarria era berean: gauza bat da zer egin behar dugun jakitea, eta, beste bat, hori praktikan jartzea, dakarren guztiarekin. Badakigu arrain gehiago jan behar dugula, baina arraindegira joateko denbora hartu behar dugu, prestatu, ordaindu –haragia baino askoz garestiagoa da–... Arrazoi praktikoengatik, ez dugu elikadura-patroi egokirik. 

Denbora gutxiegi ematen dugu janaria erosten eta prestatzen?

Oso bizitza azeleratua dugu, lan eta familia-betebeharrez gainezka. Zaila da denbora aurkitzea jakiak prestatu eta lasaitasunez jatera esertzeko. Bizitza-erritmoagatik, ez ditugu gure ezagutzak praktikan jartzen. 

Okerrak aipatu dituzu; zeintzuk egiten genituen lehen, eta zeintzuk orain?

Gure aiton-amonen garaian, nutrizio-gabeziekin lotutako hutsuneak zeuden. Familia askok ezin zituzten erosi dieta-orekatua egiteko behar diren elikagai guztiak; proteina, bitamina eta mineral gabeziak zituzten. Gaur egun, bestelakoa da egoera: prest edo ia-prest dauden jaki asko kontsumitzen ditugu, eta, ondorioz, behar baino azukre eta koipe saturatu gehiago hartzen dugu. Bestalde, haragi gehiegi jaten dugu. 

Lehen dirua falta zen, eta orain denbora... 

Argi eta garbi.

Maria Puy Portillo (ezkerretik laugarrena), ohorezko-kide izendapenaren ekitaldian. 

Zure lantaldean haur-gizentasuna aztertzen duzue; arazo berria da, ezta?

Gero eta gizentasun gehiago dago bai helduen artean, bai haurren artean. Umeen kasuan, kezkagarria da: lehen ez zegoen apenas haur lodirik; ezta bigarren motako diabetes kasurik ere, edo hiperkolesterolemiarik. Gaur egun, umeen %10-15 daude lodi, eta horietako batzuek helduen patologiak dituzte (diabetesa, kolesterol altua...). Umetan gizena denak, gainera, joera du helduaroan gizena izateko. 

Zuen ikerketara etorrita: zer molekula ari zarete ikertzen? Zer gaixotasun prebenitu daitezke?

Gu, aspaldi, polifenolekin ari gara lanean. Molekula-talde handia da; 8.000 inguru daude, batez ere landare-jatorriko elikagaietan (barazkiak, frutak, fruitu-lehorrak). Horietako batzuk aztertu ditugu. Ikusi nahi dugu balio ote duten gizentasuna eta harekin lotutako bestelako gaixotasunak saihesteko edo tratatzeko (hiperkolesterolemia, gibel koipetsua...). 

Emaitzarik al duzue jada?

Ikerketa aurrekliniko sendo bat dugu. Lehenengo, zelula isolatuetan egiten dugu ikerketa; gero, animalietan (saguak eta arratoiak, batez ere); eta, bukatzeko, gizakiekin probak egin behar ditugu. Animalietan, ikusi dugu polifenol horiek oso emaitza onak dituztela: arratoiak giro lodi-geniko batean jartzen ditugu –hau da, dieta oker bat ezartzen diegu– eta, molekula horiek emanda, gizentasuna geldiarazten dugu; esan beharra dago, dena den, molekula horiek ez direla hain eragingarriak arratoiak jada lodi daudenean. Aitzitik, eraginkorragoak izan dira gizentasunarekin lotutako gaixotasunak tratatzeko eta prebenitzeko; adibidez, gibel koipetsua eta intsulinari erresistentzia tratatzeko. Edonola ere, hori dena gizakiengan probatu behar dugu, animaliekin funtzionatzen duen guztiak ez duelako zertan gizakiokin funtzionatu. Hain justu, ICTANarekin lan egiten ari gara [Elikagaien eta Nutrizioaren Zientzia eta Teknologia-Institutua], ikusi nahi dugulako sindrome metabolikoa duten pertsonek hobera egiten ote duten mahatsen azaleko polifenola emanez gero. 

Aurreikuspenak egin ahal izateko lanean ari zarete ere. Zerk eman diezaguke pistaren bat, zerk funtzionatuko digun eta zerk ez?

Azken urteetan, garrantzia hartu du "pertsonalizatutako nutrizioak" edo, gaur egungo izena hartuta, "zehaztasunezko nutrizioak".  Pertsona jakin bati zerk funtzionatuko dion aurreikusten saiatzen da, gizentasuna, dislipemia edo diabetesa tratatzeko orduan denak ez garelako berdinak. Batzuentzat oso eraginkorra da koipe gutxiago kontsumitzea, eta beste batzuek, aldiz, arrakasta handiagoa dute jarduera fisikoa egiten. Zer dietak futzionatuko dio bakoitzari? Hori aurreikusi nahi dugu, eta, horretarako, adierazgailu genetikoak bilatzen ditugu. 

Zer informazio dute adierazgailu genetiko horiek?

Gure geneek egiten gaituzte altu, baxu, beltzaran edo ilehori. Metabolismoan, geneek ezartzen dute koipeak errazago edo zailago erreko ditugun, edo energia-gastu handiagoa edo txikiagoa egiten dugun. Atsedenean, altuera eta tamaina bereko bi lagunek energia-gastu ezberdina izan dezakete, eta, beraz, batek kaloria gehiago kontsumituko ditu besteak baino. Geneak aztertu behar ditugu, eta ezberdintasunak bilatu, zer tratamenduk funtzionatuko duen jakiteko. 

Horrek asko erraztuko lituzke gauzak... 

Pentsa: agian pertsona bat sekulako sakrifizioa egiten ari da koipe gutxiago jateko, eta ez da hori funtzionatuko diona, ariketa egitea baizik –edo alderantziz–.

Zer jaten dugun, halakoak gara... ala zer garen, hala jaten dugu?

Gauza biak. Jaten duguna gara. Koipeekin erraz ikusten da: zelulen geruza aztertzen dugunean, argi ikus daiteke zer koipe mota kontsumitzen dugun (asea, asegabea...). Horrek zer axola du? Bada, zer koipe dugun geruza horretan, hobeto edo okerrago kontrolatuko dugu odoletik zirkulatzen duen glukosa, edo erraztasun handiagoa edo txikiagoa izango dugu koipea erretzeko. Zenbat eta koipe ase gehiago, orduan eta ezaugarri metaboliko okerragoak. 

Eta zer garen, hala jaten dugu?

Gure elikadura-eredua baldintzatuta dago, kulturagatik eta etxean ikasi dugunagatik. Nondik gatozen, ohitura batzuk edo besteak izango ditugu. Baliabide ekonomikoek ere zeresana dute; adibidez, Estatu Batuetan hiri askotan ia ezinezkoa da fruta arrazoizko prezioan erostea. Hango ikertzaileek esaten digutenagatik, hemen sagar kilo batek balio duenagatik han sagar bakarra eros dezakezu. Gurean ez dugu hainbesteko arazorik, baina ikusi dugu zenbat eta maila sozioekonomiko baxuagoan egon, orduan eta  aukera gehiago dugula lodi egoteko. Beraz... zer garen, hala jan, eta zer jan, hala izan. 

  

Gure dieta pseudo-mediterraneoa da

Gure dietan, zer geratzen da mediterraneotik?

Zerbait bai, geratzen da, baina gaur egun pseudo-mediterraneoa da gure dieta. Batetik, beste herrialde batzuetako eragina izan dugu –Erdialdeko Europa, Estatu Batuak–; bestetik, bizimodua aldatu da; presaka bizi gara, eta okerrera egin du gure dietak. Eredu mediterraneoaren zutabeetako bat barazki- eta fruta-kontsumo altua da, eta gomendatutakoaren azpitik ari gara horiek jaten.

Kinoa, kefirra, kurkuma, lino-haziak...

Zaku berean sartzea ere... Oso ezaugarri ezberdinak dituzten elikagaiak dira, eta, gurean, berriak. Kurkuma, adibidez, ikertzen ari dira, badirudielako eraginkorra izan daitekeela pisua eta glukosaren metabolismoa kontrolatzeko. Jendea berotu egiten da elikagai berriekin... eta batzuetan ez daki zergatik. Aztertu behar dugu zer onura dakarten. Hori bai, alde txarrik ez dute!

Barrita energetikoak...

Gaizki erabiltzen ditugu maiz. Otordu bat ordezkatzeko erabili behar dira, betiere dieta orekatu baten barruan. Gehigarri bezala erabiltzea ez da komeni.

Gereziak daude neguan 'superrean'...

Jada ez dakigu zer den udaberrikoa eta zer negukoa. Edozer fruta edonoiz jatea erakargarria da, baina nutrizio-adituok gomendatzen dugu sasoikoa kontsumitzea, behar den garaian erein eta bildu denez berezko konposaketa duelako Garaiz kanpokoa kontsumitzen badugu, baliteke ez izatea azukre-maila edo bitamina kopuru egokia. Gereziak, beraz, hobe sasoian.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago