Esnekiak gogoko ditut

Erabiltzailearen aurpegia Nagore Enciso 2018ko urt. 14a, 11:59

"Gluten zein laktosarik gabeko dietak modan jarri dira; arriskutsua izan daiteke".

"Zerbaitek ez dit ondo egiten…" denok entzun dugun esaldia da, are gehiago elikaduraren boom-a bizitzen ari garen honetan. Glutena deabrua da, azukre zuria deabruaren hurrengoa, eta laktosa aipatu eta korrika joten direnak ere badira. Baina benetan hain gaiztoak al dira?

Gure gorputzak azukreak metabolizatu ahal izateko (laktosa ere azukre bat da) entzima batzuk behar ditu. Entzima hauek giltza modukoak dira, eta hauei esker azukreak liseritze-prozesuan molekula txikiagoetan banatzen ditu eta gorputzak behar dituenak jasoko ditu. Intolerantziak dituzten pertsonek arazo bat dute entzima horietan, ezingo dituzte azukre horiek metabolizatu, eta ondorioz, tripetako minak eta abar izaten dituzte. Intolerantzia bat daukagun edo ez jakiteko froga errazak daude, eta horretarako medikuarengana joatea komenigarria izaten da.

Intolerantziarik ez badaukagu ez dauka inongo zentzurik elikagai bat gure dietatik ezabatzea. Glutena zein laktosa kentzekoaren aldeko dietak modan jarri dira, eta nire aburuz, arriskutsua izan daiteke. Ez da soilik elementu bat ezabatzea, bere inguruan dauden nutriente guztiak ere ezabatzea dakar, desnutrizioak sorraraziz. Laktosaren kasuan, adibidez, esnea eta esnekiak kaltzio iturri ederrak dira. Hauetan D bitamina eta beste hainbat nutriente gehiago dituztelako bereziki kaltzio hori bereganatzeko sortuak izan direnak. Egia izan daiteke beste elikagai batzuetan, olo edaria kasu, kaltzio asko daukatela, kimikoki gehitu edo berezkoa dutelako, baina kaltzio molekula hori ez da esnekietan bezala bereganatuko, erdia baino gehiago gernutik kanporatuko baita.

Honekin, polemika piztea baino kritikoak izatera bultzatu nahi zaituztet. Gorputz osasun bat badaukagu zertarako gaixotu? Zertarako murriztu gure dieta? Kalitatezko esneak oparoak dira merkatuan, ondo aukeratu behar dugu, besterik ez.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago