Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eskatuta, Arabatran proiektuaren bideragarritasuna aztertzen duen txostena aurkeztu zuten aurreko astean Bartzelonako Hiri Ekologia Agentziako Salvador Ruedak eta Oriol Biascak. Bertan, Arabako mendebaldea eta ekialdea lotzen duen garraio zerbitzua hobetzeko proposamenak aurkeztu zituzten, hots, Miranda eta Altsasua hiriburuarekin lotzen duten zerbitzuak, hain zuzen ere. Hala, azterlanak bost proposamen aurkeztu ditu; bi hiriarteko garraiorako, eta beste hiru, hirirako.
Hiriarteko garraiorako alternatibak
Txostenak proposatzen duen lehen aukera, Miranda eta Altsasu bitarteko tren zerbitzu gehiago eskaintzea da. Zehazki, egunero eta norabide bakoitzeko, bi herri hauen arteko hamar zerbitzu berri ezartzea planteatzen dute, Renfek eskainitako zerbitzuaz gain.
Bigarren proposamena, berriz, egungo zerbitzua indartzean datza, eta besteak beste, trenerako eta autobuserako tarifa bakarra sortzea planteatzen du. Era berean, Gasteizen geltoki berria sortzea aurreikusten du proposamen honek, eta egun trenak kubritzen ez dituen zenbait ibilbide autobusez egitea, trenbidearen ibilbide eta geltoki berdinekin. Gainera, eskari gutxiko geltokietan, hautazko geltokiak ezartzea proposatzen du; hau da, trena soilik geldituko litzateke bidaiariak eskatzen duenean.
Hirirako alternatibak
Gasteizerako aurkeztu duten lehen aukerak trenaren lurperatzea aurreikusten duen tren zerbitzua izango litzateke: egungo trenbidetik joateaz gain, AHTarekin batera, lurazpiko tunela ere zeharkatuko luke. Hala ere, txostenak aukera hau baztertzen du, "oso konplexua" delako.
Bigarren aukerak, aldiz, ez du trenaren lurperatzea aurreikusten, eta egungo trenbidetik joango litzatekeen hiriko tren bat proposatzen du.
Hirugarren proposamenak Salburua eta Zabalgana auzoak lotuko lituzke erdigunetik, eta trenbidea lurperatzeak utzitako bidetik joango litzateke, ondoren, Tuvisako 7 eta 10 lineek jarraituko lukete ibilbidea. Kasu honetan, bide hau egiteko bi aukera jarri dituzte mahai gainean: autobus azkarra edo tranbia baten bitartez. Lehenengo alternatibak 16 milioi euroko kostua izango luke; bigarrenak, berriz, 105 milioikoa.
EH Bildu, Podemos eta Irabazi udal taldeak bi auzoak lotzeko BRT edo autobus azkarraren alde agertu dira.