Garoñan pilatuta dauden aktibitate txikiko eta ertaineko hondakinak aurten hasiko dira lekualdatzen, eta udaberrirako hustuketa amaitzea aurreikusi dute. Hondakin erradioaktiboak kudeatzen duen Enresa enpresak asmoen berri eman du Gaztela eta Leongo tokiko hedabide batean. Enresaren datuen arabera, 2005. urtean Garoñak aktibitate txikiko eta ertaineko 947 metro kubiko hondakin bilduta zituen. Halaber, 311 tona uranio gordeta ditu erreaktorearen piszinan.
Aktibitate txikiko hondakinak El Cabrilgo (Cordoba, Espainia) biltegira eramango dituzte, modu mailakatuan, aurten, baina aktibitate maila handiagoa dutenak, momentuz, Garoñako biltegi tenporalean geratuko dira.