Garoña: etorkizuna, zehazteke

Juanma Gallego 2017ko ira. 8a, 08:00

Luze joko du Garoña eraisteko lanak; 16 urte inguru. Irudia: Nuclenor

Azkenean, ixteko bidean da Garoñako zentral nuklearra. Alabaina, azpiegituraren eraistearen inguruan zalantza asko daude; batez ere, bertako hondakinak kezka iturri dira. Horiek gordetzeko biltegia eraikitzen ari dira orain.

Arabar askok aspalditik espero zuten albistea heldu zen abuztuarekin batera. Hilabetearen lehen egunean, Espainiako gobernuak Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra behin betiko ixteko erabakiaren berri eman zuen. Egun horretan, berehala ahoz–aho zabaldu ziren zorion mezuak sare sozialetan eta hedabideetan, baina zentralaren eraistearen inguruko lehen kezkak ere azaldu ziren.  

Izan ere, luze jo dezake Garoña behin betiko desagerrarazteak. Albistea zabaldu zuenean, Espainiako energia ministerioak 16 urteko epea aipatu zuen. Halere, ez dago argi zer gertatuko den bertan bilduta dauden hondakin erradioaktiboekin. Espainiako gobernuak estatuko zentral nuklear guztien hondakinak bilduko dituen biltegi zentralizatua eraiki nahi du Villar de Cañas udalerrian (Cuenca, Espainia), baina, une honetan, azpiegituraren eraikuntza geldituta dago, desadostasun politikoak tarteko. Horregatik, hainbat zentraletan aldi-baterako biltegiak eraikitzen ari dira, ahitutako erregaia gordetzeko. Garoñan ere halako biltegia eraikitzen ari dira, baina, egun planteatuta dagoen moduan –70 tonako 32 ontzi–, ez omen da nahikoa izango hondakin guztiak biltzeko. Hondakinak "Garoñan bertan" geratuko direla uste du Fernando Legarda EHUko Ingeniaritza Nuklearreko katedradunak. Aktibitate txikiko hondakinak El Cabrilgo (Cordoba, Espainia) biltegira eramango dituzte, baina aktibitate maila handiagoa dutenak, momentuz, Garoñako biltegi tenporalean geratuko direla azaldu du Legardak, "ahitutako erregaiarekin batera".  

Duela bost urte erregaia erreaktoretik atera zutela azaldu du Legardak, eta, hortaz, jadanik "hotz" dagoela esan du. "Une honetan, beraz, fusioa gertatzeko arriskurik ez dago". 

Hemendik aurrera egin beharreko bidea azaldu du katedradunak. "Zentrala eraisteko plana egin behar dute orain. Funtsean, beste ezein instalazio industrial eraistea bezalakoa da, baina berezitasun batekin: instalazioaren hainbat eremu kutsatuta daudela, hain zuzen".  

Zentralaren itxiera zergatik izan ote den galdetuta, Legardak ez dakiela erantzun du, baina argi du "erabakia ez dela teknikoa izan". Are gehiago, katedradunak kolokan jarri du zentral nuklearren bizitza 40 urte baino gehiago ez luzatzeko irizpidea.    

"Zifra horri lotu gatzaio, baina munduan dagoen joera da 60 urtera luzatzea". Legardaren ustez, hasiera batean 40 urteko epea kontuan hartu zen, baina, denborarekin ikusi omen da "materialak ez direla hain azkar zahartzen". Are gehiago, "mundu osoan 80 urteko epea" aztertzen ari direla gaineratu du.

1970ean martxan jarri zutenetik, Espainiako zentral nuklearrik zaharrena alboan izatea etengabeko kezka iturri izan da. Zentralaren inguruko segurtasuna behin baino gehiagotan kolokan jarri izan dute, baina, bereziki, azken hilabeteotan azaleratu dira Garoñak gordetzen zituen irregulartasun ugari. 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 117. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

Erlazionatuak

Lau tona uranio Araban zehar

Juanma Gallego 2017 ira 07 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago