De Miguelen sarea "lotsagabe" aritzen zela dio Fiskaltzak

Erredakzioa 2018ko urt. 19a, 20:12

De Miguel auziaren epaiketa urtarrilaren 8an hasi zen.

"Lotsagabe" eta "establishment-aren babesarekin" aritzen zen Alfredo De Miguel EAJren buruzagi izandakoaren ustezko ustelkeria sarea. Hala adierazi du Josu Izagirre Arabako fiskalburuak.

Alfredo de Miguelen gidaritzapean aritzen omen zen ustezko ustelkeria sareak "helbide elektroniko ofizialak erabilita" eskatzen zituen legez kanpoko komisioak eta "establishment-aren babespean" jarduten zuen, Josu Izagirre Arabako fiskalburuak  De Miguel auziko epaiketan nabarmendu duenez. Ostiraleko saioan izan zen fiskalaren txanda, eta 26 auzipeturen kontrako akusazioak berretsi zituen. 

Halaber, akusazio gogorrak egin zituen akusatuen kontra baita arduradun politikoen aurka ere. Izagirreren esanetan, "Alberdiren mezu elektronikoek agerian utzi dute benetako sare baten aurrean gaudela; boterea zeukan, eta Arabako Foru Aldundiaren helbide ofizialetik bidaltzen zituen mezuak, legez kanpoko komisioak eskatuz. Lotsagabe jarduten zuten, ez modu isolatuan edo ezkutuan, establishment-aren babespean aritzen zirelako".

Urtarrilaren 8an hasi zen epaiketa, eta horretan ustezko ustelkeria sare bat eratzea egotzita, 26 pertsona epaitzen ari dira, tartean Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi izandakoa, eta EAJren kide eta Eusko Jaurlaritzako goi kargudun izandako batzuk. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago