'De Miguel auziaren' epaiketa gaur bertan hasi da Arabako Probintzia Auzitegian, Arabako fiskaltzak Efe agentziari konfirmatu bezala. Denera, 26 lagun daude auzipetuta, guztiak Arabako EAJko alderdikide ohiak, tartean, De Miguel bera, Araba Buru Batzarreko kide ohi eta Arabako Aldundiko Tokiko Administrazioetarako diputatu ohia; Aitor Telleria ABBko kide ohia eta Koldo Otxandiano Arabako burukide eta Arabako Ongizate Institutuko zuzendari izandakoa. Orotara, 450 urte baino gehiagoko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak; De Miguelentzat 54 urte eta 9 hilabetekoa, eta legez kanpoko komisioak kobratzea, kapitalak zuritzea eta eragin-trafikoa leporatzen dizkiote, besteak beste.
Epaiketa bederatzi hilabetez luzatu daitekeela aurreikusi dute. Auzipetuen deklarazioak, zehazki, otsailaren 19tik aurrera jasotzea espero dute. 26 auzipetuen deklarazioez gain, fiskaltzak 150 lekuko entzungo ditu, eta 21 adituk hartuko dute parte. Gasteizko auzitegian ez zegoen halako dimentsioetako epaiketa baterako tokirik, eta obrak egin behar izan dituzte, 100.000 euro ingurukoak. Kazetarientzat ere gela bat prestatu dute, asko izango baitira kasuaren jarraipena egingo duten berriemaileak. Zehazki, 35 kazetari inguru elkartu dira epaiketaren lehenengo jardunaldian.