Zabalik dago Euskarabentura egitasmoan izena emateko epea

Mirian Biteri 2018ko urt. 17a, 10:18

Uztailean Euskal Herriko zazpi herrialdeak igaroko dituen espedizioan parte hartzeko aukera izango dute 16 eta 17 urte bitarteko euskaldunek. 

2015ean, Boisen (Idaho) egindako Euskal Jaian jarri zituzten proiektu honen lehen haziak. Euskal Herritik AEBetara joandako gazte talde batek izan zuen ideia, eta ordutik, Euskarabentura Jizioqui dugu izeneko egitasmoa borobiltzen eta aurrera atera ahal izateko finantzazioa lortzen ibili dira txoko ezberdinetako hamaika lagun.

Ruta Quetzal izandakoa izan dute oinarri ibilaldia prestatzerakoan. Done Jakue bideak jarraituz eta Unescok izendatutako gizateriaren ondareak zeharkatuz, esperientzia ahaztezina biziko dute taldeka banatuta egongo diren Euskal Herriko nahiz diasporako 120 gaztek.

Uztailaren 1ean, Mauletik

Zehazki, uztailaren 1ean abiatuko dira taldeka Mauletik; Done Jakue bidearen ibilbide frantsesa jarraituz, Donibane Garazi eta Iruñea bisitatuko dute, eta handik Vianara joko dute. Nafarroako hegoaldean autobusa hartuko dute Errioxan dagoen Donemiliaga Kukulara joateko; orain arte aurkitu diren euskarazko idazki zaharrenak ikusteko aukera izan dute bertan; besteak beste, jizioqui dugu esaldia dago Donemiliaga Kukulan, egitasmoaren leloa. "Proiektuaren izpirituarekin bat dator esamolde hori: piztuko dugu; bidea piztu, hizkuntza piztu, etorkizun diren gazteak piztu", azaldu du elkarteko kide Imanol Zabaletak, Alea FM irratsaioan.

Errioxa atzean utzita, Araban murgilduko dira neska-mutilak. Done Jakueren barnealdeko bidea hartuko dute, aurretik egindako kontrako norabidea jarraituz. Gesaltza Añana, Gasteiz, Agurain, Tolosa eta Donostia igaro ostean, Irunera iritsiko dira gazteak. Jarraian, trenez Baiona bisitatuko dute eta handik Done Jakue bidean sartuko dira berriro ere; baina, kasu honetan, kostaldeko ibilbidea egingo dute, Getxoko Bizkaiko zubiraino. Uztailaren 31n emango diote amaiera hilabeteko iraupena izango duen ibilaldiari. Hara heldu aurretik, baina, Santimamiñeko, Ekaingo edo Altxerriko kobazuloak eta Oma basoa bisitatuko dituzte, besteak beste.

Formazio saioak

Etapa bakoitzean egiten diren bisitez gain, ibilaldia bukatutakoan askotariko ekintzak antolatzeko asmoa agertu du lantalde sustatzaileak. Horren harira, honakoa azpimarratu du Zabaletak: "Oraindik zehazteke badugu ere, gorputz eta ahots teknika aldetik ikastaroak antolatu nahi ditugu, eta baita historia lantzeko, naturaren baliabideak modu egokian kudeatzen ikasteko edo janariaren burujabetzari buruzko hainbat saio ere. Gai horien bueltan, hainbat izen ezagun ditugu buruan, eta datozen hilabeteotan beraiekin hitz egiteko asmoa dugu".  

Horrekin batera, iragarri du bidaian zehar jasotako jakintzekin "lantxo" bat ere egin beharko dutela parte-hartzaileek, egitasmoa amaitutakoan aurkeztuko dutena.

Hiru gai aukeran

Euskaraz dakien eta 2001 edo 2002 urtean jaiotako edozein gaztek hartu dezake parte. Izen-emate inprimakia betetzearekin batera, motibazio gutuna eta lan bat ere aurkeztu beharko du. Azken hori egiteko hiru gai orokor ditu aukeran, modu librean landu ahal direnak: euskara eta zure herria, euskara eta emakumeak eta euskara itsasoa. Talentu ezberdineko gazteak erakartzeko asmoz, bost motatako lanak jasoko ditu elkarteak: historikoa, literarioa, plastikoa, musikala edo ikus-entzunezkoa.

Izen-emate eta proiektuen bidalketa www.euskarabentura.eus atariaren bitartez egingo da; martxoaren 18ra arte egongo da bidaltzeko aukera. Jasotako lan guztiak Eusko Ikaskuntzarekin elkarlanean aztertuko dituzte eta onenen egileek espedizio beka lortuko dute. Apirilaren 16an ezagutaraziko da abenturan parte hartuko duten gazteen zerrenda

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago