"Aitortza behar dugu motxiladun umeek"

Erredakzioa 2018ko urt. 17a, 14:00

Maialen Izaga, Gasteizko Eskola kalean

Aita kartzelan zegoela jaio zen Maialen Izaga (Gasteiz, 1994). Haurtzaroko lehenengo zazpi urteetan, milaka kilometro egin zituen Caceres eta Asturiaseko espetxeetara. Ume baten alaitasunerako joerarekin bizi izan zuen garai hura, eta urteekin jabetu da bizitakoaz. 

Zazpi urtez izan zinen motxiladun haurra. Zer joan zitzaizun pilatzen motxila horretan?

Hain txikia nintzenez, kriston pisua ere ez nuen eraman behar izan. Jaio nintzenean, aita kartzelan zegoen, eta, beraz, niretzako arrunta ere bihurtu egin zen, nahiz eta ikusi beste familiak nirearen ezberdinak zirela. Osaba ere kartzelan zegoen garai hartan, eta, familian, uneoro sentitu nintzen babestua eta maitatua. 

Zer oroitzapen duzu Asturias eta Caceresera egindako bidaiez?

Guk ez dugu kotxerik, eta, beraz, batzuetan autobusez joaten ginen –gogoan dut literan lo egiten nuela– eta, besteetan, amaren lagunek eramaten gintuzten. Asko lagundu gintuzten lagunek eta senideek, etxean soldata bakarra genuelako, amarena. Bisitaren bezperan, amarekin sartzen nintzen ohean; oso goiz esnatzen ginen, eta, koloretako kasetea hartuta, musika entzuten egiten nituen bidaia luze haiek. 

Pozik zindoazen, beraz...

Atzo bertan amarekin egon nintzen gaiaz hizketan, eta kontatu zidan ni pozik joan eta itzultzen nintzela beti. Bisitak jolasten ematen nituen. Egitarau moduko bat prestatzen nuen, zer jolasetan ariko ginen; banekien denbora mugatua genuela, eta laster gizon bat etorriko zitzaigula bisita amaitu zela esatera. 

Momentu hori gogorra zen zuretzat? Bisitaren amaiera. 

Atearen zaratagatik banekien noiz zetozen funtzionarioak; geldi geratzen nintzen, eta  aita-amari esan: 'Badator gizona' (funtzionarioa). 

Amari galdera asko egiten zenizkion?

Txikia nintzenez, ez gehiegi. Gogoratzen dut amak esaten zidala aita Euskal Herriagatik zegoela kartzelan, eta lasai egon nendin, irtetzerakoan etxera etorriko zela eta dena azalduko zidala. 

Hala izan zen?

Irten zenean, ez nion galdeketarik edo aparteko galderarik egin, ez. Aurrerago joan zen gaia etxean ateratzen, eta urteekin jabetu nintzen bizi izandako egoeraz. 

Arrunta zen zuretzat aita kartzelan egotea; itzuli zenean egingo zitzaizun arraro...

Bai, ohituta nengoelako etxean amarekin bakarrik egotera. Besterik ez nuen ezagutzen. Hala ere, ez nuen arazorik izan. 

Haur motxiladuna izan dena, heldu motxiladuna da gero?

Nirekin beti eramango dudan oroitzapena da, bai. Agian, larriagoa da aita edo ama beranduagora arte kartzelan izan duten gazteen kasuan.  

Denek ez dute begi onez ikusi haur motxiladunen egoera ezagutarazteko lana. Covitek salaketa bat ere jarri egin du. Nola hartu dituzu kontrako mezuak?

Lehenik eta behin, amorrua: aitortza bat behar dugu, eta entzun behar gaituzte, batzuek nahi ez duten arren; ez dago besterik. Bestalde, mezu horien atzean beldurra dagoela iruditzen zait: badakite badela egoera hori, eta ez dute nahi hori kaleratzea eta jendeak ikustea zer gertatu den eta jarraitzen duen gertatzen. 

Esan nahi duzu zuen sufrimendua ezkutuan egon dela? 

Bai. Orain, oso beharrezkoa zen lan bat egiten ari da.

 

Araban ere, motxila hartuta

Gaur egun, Arabako bederatzi ume eta nerabe joaten dira kartzelara aita edo ama bisitatzera. Horiez gain, beste 25 haur daude haien izeba-osabak eta bestelako senideak ikustera doazenak. Guztira, beraz, 34 motxiladun ume daude gaur egun lurraldean, Etxerat elkarteak ALEAri emandako datuen arabera –zenbaki horietan, Aiaraldea eskualdeko Bizkaiko herriak eta Otxandio ere aintzat hartzen dituzte–. Aste honetatik aurrera, ume bat gutxiago egongo da zerrendan, urtarrilaren 18an Ramon Aldasoro ETAko preso otxandioarra kaleratu baitute –aldizkaria inprentara bidali baino lehen zen kaleratzekoa–. Bera aterata, 25 arabarrek jarraituko dute preso, gehienek 25 eta 30 urteko zigorrak betetzen (2025-2030 bitartera arte, oro har). Bostehun eta 1.000 kilometrora bitarteko kartzeletan daude gehienak.

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago