Motxila besapean jaio zen Uztai Largatxa (Laudio, 1993). Sei urte bete zituen arte, Leon eta Elduesoko kartzeletan izan zuen aita. Ezin hobeto gogoratzen du non zorabiatzen zen, non egiten zuen botaka, non ireki zitzaion kotxeko atea martxan. Berea bezalako errealitateak "ezkutuan egon dira".
Sei urte bete arte, joan-etorri ugari egin zenituen. Nola bizi izan zenuen?
Aitak 17 urte egin zituen kartzelan. Oroitzapen gazi-gozoak ditut; batzuk, oso onak; beste batzuk, oso txarrak; eta, tartekoak, gutxi. Azkenean, markatzen dizunaz gogoratzen zara. Gauza onen artean, gogoratzen ditut aitak egiten zizkidan pastelak, kartzelako ekonomatoan erosten zituen sobatu eta yogurtekin; baita opariak eta jolasak ere. Gogoratzen dut ere lagunak eramaten nituela aurrez aurreko bisitetara, aita aurkezteko. Horrek, aldiz, bazuen beste alde bat: jeloskor sentitzen nintzen. Azkenean, aita nirea zen, eta niretzat nahi nuen haren denbora. Aitaren argazkiak eta gutunak ere gogoratzen ditut...
Gordeta izango dituzu...
Bai, noski. Funtzionarioei lotutako oroitzapenak ere baditut: bazeuden, leku guztietan bezala, pertsona onak, eta pertsona ez hain onak. Batzuk oso hurbileko harremana zuten nirekin; gogoan dut emakume funtzionario bat,presoen aldera sartu ninduena... Bazeuden ere kabroi batzuk, jostailuak sartzen ere uzten ez zigutenak.
Eta bidaiak? Sakabanaketa-politikagatik, kilometro asko egin behar izan zenituen...
Nik nahiko hurbil izan dut aita, Kantabrian. Hala ere, amaigabeak egin zaizkit bidaiak. Amak ez zuen gidatzen; izan ere, Ourensen preso zegoenean, ama hil zitzaion kotxe-istripuz bera bisitatzera zihoala [hain zuzen, dispertsioarekin lotutako lehen istripu-larria izan zen; Uztairen amama Pili Arzuaga hil zen; baita Fontso Isasi amaren laguna ere].
Nola joaten zineten bisitetara?
Senideek eta lagunek eramaten gintuzten. Beste norbait inplikatu behar genuen beti. Bidaia horietatik, baditut oroitzapen onak: adibidez, kamioiak aurreratzera jolastea; txarren artean, gogoan dut autobian kotxeko atea ireki zenekoa, edo amak kotxeko ateaz atzamarrak nahi gabe harrapatu zizkidanekoa. Baina, hoberen gogoratzen dudana, Muskizeko zubia da: bertan, tripak nahasi, eta botaka hasten nintzen beti. Bost-sei urterekin, bisitetara joateari utzi nahi izan nion, egoerarekin nekatuta. Ez dut gogoan horren arrazoi oso argi bat. Aitarekin egon nahi nuen, noski, baina bidaia jatea... Aitak hasieran ez zuen ondo hartu. Amak, aldiz, ulertu ninduen, 24 orduak ematen zituelako nirekin.
Zer galdera egiten zenizkion zure buruari txikitan?
Zergatik ote zegoen nire aita kartzelan. Erantzuten zidaten Madrilgo gizonek sartu zutela bertan; azalpen askoz konplexuagorik ere ezin diozu eman hain ume txikiari. Amak kontatu dit, bestalde, Laudioko beste preso bat atera zenean, Txusmi, amorruz hartu nuela: zergatik ateratzen zen Txusmi, eta nire aita ez? Txusmirentzat kriston marroia zen nik berari hori leporatzea...
Urteen distantziarekin, egin al duzu garai hartakoaren berrirakurketa bat?
Batez ere, bueltak eman dizkiot egoera horretan sortzen den aita-seme harremanari; iruditzen zait ez dela batere sanoa. Aitak bi astean behin edo hilean behin ikusten du semea, eta ez dio errietarik egin edo betebeharrik jarri nahi. Disfrutatu nahi du. Eta, ondorioz, kanpoan dagoenak hartu behar du bere gain heziketaren zama guztia. Onaren papera eta txarraren papera hartu behar izan zuen amak, baina, txarraren papera berari zegokionez gehienetan, onarena baztertuago gelditzen zen, batez ere kontuan hartuta hilean behin ikusten nuen pertsona batek jolasak, opariak eta pastelak ematen zizkidala. Eraikitzen den harremana ez da orekatua. Bikote-harremana ere desitxuratzen da. Irtetzerakoan, badago egokitze-fase bat; eta, ondo badaramatzazu, ba ondo; baina, ikusi dudanagatik –nirean eta ingurukoetan–, ez da hain ondo eramaten egokitze hori.
Bereziki gogoratuko duzu atera zenekoa, ezta?
Ikastolara eraman nuen aita; gelan sartu nuen, eta behin barruan, kasurik ere ez nion egin. Aitak oroitzapen txarra du hartaz.
Atera zenean, ez zenuen berdin ikusiko...
Jakina. Ordura arte, idealizatuta nuen, eta urteak aurrera doazen heinean, idealizazio hori apurtzen hasten da. Inork ez dizu azaltzen zer egin behar duzun hori apurtzen denean, eta nolabaiteko gorabeherak daude.
Psikologoen laguntza behar izan zenuten?
Ez genituen erabili, baina behar izan genituela, ziur.
Aitarekin eta amarekin gaiaz hitz egiten duzu?
Bai. Ez da tabu bat. Galderak egiten dizkiet askotan.
Oraindik badituzu galderak?
Noski...
Ezagutu al duzu zure egoera berean egon denik?
Laudion baditugu kasu asko: Ilazki eta Peio Ussia, Josu eta Ganeko Blanco, Oier Velez... Presoen seme-alabez gain, biloba eta iloba ugari egon dira, adibidez Pablo Gorostiagarenak edota Julen Fernandezenak –azken honen ilobatako bat, Ainhoa Ayesta nire klasekidea–. Ainhoarekin hitz egiteko erraztasun handiagoa izan dut, baina hau ez da etxetik kanpo gehiegi ateratzen den gaia...
Azkenaldi honetan, ateratzen ari da. Zelan ikusten duzu egiten ari den ikustarazte-lana?
Denok genekien presoek seme-alabak zituztela eta bisitan joaten zitzaizkiela, baina horrek eragiten duen guztia nolabait ezkutuan egon da. Errealitate hori ez da azalera atera. Badakizu, trapu zaharrak ez dira kalera garbitzera ateratzen... Zorionez, hobera goaz.
Ikusi duzu 'Motxiladun umeak' saioa?
Ez, ez dut ikusi...
Ez duzulako aukerarik izan, ala...
Oraindik ez dut erabaki ikusi nahi ote dudan. Stand by-ean daukat.
Kontrako erreakzio asko eragin ditu...
Ezjakintasuna dago, eta entzuten duzunaz zalantza egitea eragiten du horrek, edo entzundakoaren zati batzuekin besterik ez gelditzea –gustatzen zaizkizunarekin–. Ezjakintasun horri buelta emateko, ondo datoz azkenaldikoa bezalako kanpaina. Azkenean, ez da Etxeratek presoen seme-alabentzat egindako kanpaina bat, hori azkenean oso eremu itxi batean gelditzen baita; ETBk edo ALEAk gai hau jorratzea ona da.
Zer sentitzen duzu zuk bizi izan zenuen sakabanaketa-egoera beretsua bizitzen ari diren umeak ikusten dituzunean?
Zorionez, ez dut halako kasurik gertugaur egun, baina, Laudion, izan ditugu gutxira arte. Orain, hobeto ulertzen dut benetako karga zein den; zorabioak, umore txarrak, negarrak... asteburuek bost egunekoak ematen dute. Luzeak egiten dira.
Zer zen okerragoa? Joana edo etorria?
Niretzat, joana. Agian literarioagoa ematen du esatea itzultzea zela zailagoa, aita han utzita... baina ez. Joatea oso gogorra zen: Muskizeko zubi horretan zorabiatzea, kotxeko atea martxan irekitzen saiatzea, tunel bat hasten zen puntuan ia beti botaka egitea... Itzulerak, egia esan, ez ditut gogoratzen.
Lo egongo zinen...
Seguru.
Araban ere, motxila hartutaGaur egun, Arabako bederatzi ume eta nerabe joaten dira kartzelara aita edo ama bisitatzera. Horiez gain, beste 25 haur daude haien izeba-osabak eta bestelako senideak ikustera doazenak. Guztira, beraz, 34 motxiladun ume daude gaur egun lurraldean, Etxerat elkarteak ALEAri emandako datuen arabera –zenbaki horietan, Aiaraldea eskualdeko Bizkaiko herriak eta Otxandio ere aintzat hartzen dituzte–. Aste honetatik aurrera, ume bat gutxiago egongo da zerrendan, urtarrilaren 18an Ramon Aldasoro ETAko preso otxandioarra kaleratu baitute –aldizkaria inprentara bidali baino lehen zen kaleratzekoa–. Bera aterata, 25 arabarrek jarraituko dute preso, gehienek 25 eta 30 urteko zigorrak betetzen (2025-2030 bitartera arte, oro har). Bostehun eta 1.000 kilometrora bitarteko kartzeletan daude gehienak. |