Urtarrila izan ohi da gure buruari erronka berriak jarri eta, etorkizunera begira, hobetu beharrak hausnartzeko garaia. Eta horixe egiten saiatu gara ALEAn ere, urte berriaren atarian.
Dagoeneko hiru urte daramagu astez aste zuen etxeetara iristen, eta bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuegu, hasierako urte hauetan zuen aldetik jaso dugun babes eta konfiantzagatik. Zuen laguntzarik gabe, ezinezko genuke gure eguneroko jardunarekin aurrera jarraitzea.
"Hobetzen jarraitzeko konpromisoa dugu; horren emaitza da formatu berri hau"
Eskaini diguzuen laguntza horri erantzunez, hobetzen jarraitzeko konpromisoa da gure aldetik mahai gainean jar dezakeguna. Eta esku artean duzuen formatu berria da, hain zuzen ere, apustu horren emaitza.
Kalitatezko kazetaritza egitea da begiz jota dugun erronka, eta produktu erakargarriagoa argitaratzeak, irakurle berriak erakarri eta egungo mugak gainditzeko aukerak emango dizkigulakoan gaude. Euskararen aldeko hautua egin dugu hasiera batetik, eta bide horretan, gure hizkuntzaren normalizazioan, herritarren esku baliabide aproposak jartzea beharrezko dela ulertzen dugu. Azken datuek bilakaera positiboa adierazten dute gure lurraldean, baina egiteko asko dugu oraindik, eta bide horri elkarrekin ekin beharrean izango gara derrigor.
"Guztion artean eraikiko dugu ALEA; ateak parez-pare zabalik izango dituzue"
Jakin badakigu zaila izango dugula beti ere guztion interes eta kezkei erantzuten asmatzea. Baina zinez esaten dizuegu horretarako lanean dihardugula; benetan sinesten baitugu ALEA proiektua guztion artean
eraiki beharrekoa dela. Horrenbestez, aniztasun eta aberastasun horren gako izatera gonbidatu nahi zaituztegu. Gure etxeko ateak parez pare zabalik izango dituzue beti: idatzi, irakurri, gomendatu, zabaldu eta
gozatu ALEA.
Mila esker orain arte bidelagun izan zareten guztioi, eta ongi etorri etorkizunean proiektuarekin bat egingo duzuen guztioi ere. ALEA Arabako euskaldun guztiona izan dadila opa diogu urte berriari.