Jon Barcenaren motxila eta arropa aurkitu dituzte urtegiaren inguruan

Erredakzioa 2018ko urt. 5a, 09:49

Ertzaintzaren mendi eta urpekari taldea urtegia miatzen ari da.

Igandean, Gorbeian desgertutako gaztea Legutio inguruan ikusi zutela konfirmatu du Segurtasun Sailak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak Jon Barcenaren desagerpenaren inguruko azken datuak eman ditu Urrunagako urtegian egin duen agerraldian. "Gaztearen zenbait jantzi aurkitu dira", adierazi du Zubiagak. Arratsaldean, motxila aurkitu dute.

Era berean, igande arratsaldean Legutio inguruan gaztea ikusi zutela konfirmatu du, eta azken ikerketen arabera, urtegitik gertu dagoen etxola batean egon dela uste dute. "Zehaztasun handiz ari gara lanean, inguruan ibili dela baztertzeko".

Momentu honetan, Ertzaintzaren mendi eta urpekari taldea Urrunagako urtegia miatzen ari da. Gainera, herritarren laguntza ere ezinbestekoa da orain, eta norbaitek ikerketan lagungarria izan daitekeen daturen bat baldin badu, 112 telefonora deitzeko eskatu dute Segurtasun Sailetik.

Gorbeiako bilaketa, bertan behera

Asteartean, Gorbeian galdutako gaztearen bilaketa bertan behera utzi dute. Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuordeak jakinarazi zuenez, gaztea inguru horretan ez zegoela zioten arrastoak aurkitu zituztelako. Egoera horren aurrean, bilaketa lanak bertan behera uzteko agindua eman zuen Segurtasun Sailak. Giltza batzuk eta diru zorroa aurkitu dituzte Legution, eta Ertzaintza han ari da bilaketa egiten. Zehazki,  Urrunagako urtegian bilatzen ari dira.

Segurtasun sailburuordeak azaldu du zabalik daudela hipotesi guztiak. "Nahita egon daiteke desagertuta, galduta egon daiteke, konortea galdu eta noraezean egon liteke... Hipotesi guztiak aztertzen ari gara".

Hala, asteartetik aurrera, kasua ikerketa poliziaren esku geratu zen. Halaber, Segurtasuneko sailburuordeak bilaketa lanetan aritu diren bolondresen eta profesionalen lana eskertu zuen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago