Laugarren egunez, Gorbeian desagertutako mendizale gaztearen bilaketa lanei ekin diete. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, atzo, 18:00ak inguru, bertan behera utzi behar izan zuten Berrizeko gaztearen bilaketa, argi falta zela eta.
Larunbatetik, ertzainak, suhiltzaileak, salbamendu taldeko agenteak, espeleologoak eta ehunka boluntarioa ari dira Gorbeia goitik-behera miatzen, Berrizeko mendizalea aurkitzeko. Lan horretan, Ertzaintzaren helikoptero baten laguntza ere izaten ari dira. Gaur, goizeko 8:00etan hasi dira berriro bilaketa lanekin, eta aurreko egunetan bezala, dozenaka boluntario elkartu dira Ondategiko frontoian.
Arazoak boluntarioak koordinatzeko
Sare sozialen bitartez boluntarioak eskatzeko deialdia zabaldu zen, eta horren eraginez ehunka boluntario hurbildu dira egunotan Ondategiko frontoira. Izan ere, horrek zenbait arazo sortu ditu; batez ere, hauek koordinatzeko lanetan. Atzo, SOS Deiak larrialdi zerbitzuak adierazi zuen deia ez zela beraiek egina, jende eta profesional nahikoa zegoela esanez. Gainera, boluntarioen kontrolik gabeko topaketak larrialdi zerbitzuetako taldeei bilaketa lanak "oztopa" ditzakeela gaineratu zuten. Halaber, eskatu dute inor agertzen bada mendian trebatutakoa izateko, eta ingurua ondo ezagutzen duena.
Larunbatetik galduta
Aurreko larunbatean, abenduaren 30an, Berrizko 19 urteko mutila galdu zen Gorbeian. Arratsaldean, mendia igotzen hasi zen gaztea, Araba aldetik, lagun talde batekin. Ondoezik zegoela, buelta ematea erabaki zuen, bakarrik. Menditik jaitsi zirenean, lagunek larrialdi zerbitzuetara deitu zuten. Geroztik, salbamendu taldeak ari dira gazte berriztarra bilatzen.