Hizkuntza ohiturak aldatzeko, euskaldunak aktibatuko ditu Euskaraldiak

Erredakzioa 2017ko aza. 23a, 16:09

Euskaraldia aurkeztu dute gaur, Bilbon.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskaldunak aktibatzeko ekimena egingo dute Euskal Herri osoan, 11 egun euskaraz lelopean.

Euskaraldia aurkeztu dute gaur Bilbon, Euskarak 365 egun lan ildoaren barruan kokatzen den ekimena. Herritar euskaltzaleak aktibatuta hizkuntza ohiturak aldatzea da Euskaraldiaren helburua. Aurkezpenean, egitasmoaren sustatatzaile diren 27 entitate eta erakundeetako ordezkariak izan dira, tartean, Euskaltzaleon Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Elhuyar, Aek eta Berria. 

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da euskaldunak aktibatzeko ekimena, aldi berean Euskal Herri osoan, 11 egun euskaraz lelopean. Gaur aurkeztutako ekimenak Lasarte-Orian egindako Udaltop topaketan du abiapuntua.

Ahobizi eta belarriprest

Euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira protagonista, eta, hamaika egunetan, beren ohiko harreman sareetan euskaraz aritzeko gonbitea egingo zaie, inertziak apurtu eta euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko helburuz.

Egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak ahobizi edo belarriprest bihurtuko dira. Ahobiziek lehen hitza euskaraz egingo dute beti, eta ahal den guztietan euskaraz arituko dira. Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak. Identifikazio txapak izango dituzte herritarrek.

 

Lehen urratsak Araban

Tokian tokiko euskaltzaleak izango dira herri bakoitzeko dinamiken sustatzaileak, tartean, auzo eta herri ezberdinetako euskaltzale taldeak, elkarteak, enpresak edo erakundeak. Hauek 2018ko lehen hiruhilekoan izango dute izena emateko aukera; herritarrek, aldiz, 2018ko udazkenean. 

Dagoeneko 40 herritik gora eman dute izena. Araban, esaterako, lehen urratsak ematen hasi dira Gasteizen, Aiaraldean, Lautadan eta Gorbeialdean. Hiriburuan, GEU elkarteak izango du ekimena kudeatzeko ardura.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago