Aurreko urteko ereduari jarraituz, bigarrenez antolatu dute Arabako gazte euskaltzaleen topaketa. Azaroaren 18an elkartuko dira lurraldeko kuadrilletako gazteak, Oihaneder Euskararen Etxean.
Hitzordua 9:30ean hasiko da. Goiz osoan zehar, euskararen aldeko hainbat dinamika egingo dituzte, eta, ondoren, "argazki masiboa" egingo dute. Eguerdi aldera, Judimendiko Sumendi espazio okupatura abiatuko dira kalejiran, bertsoz girotutako bazkariaz gozatzeko. Arratsaldeko bostetatik aurrera, zenbait artistek girotuko dute topaketa-eguna; tartean, bakarrizketa eskainiko du Ane Gebara ipuin-kontalariak, eta Erein musika-taldea igoko da oholtzara.
Araba osoko gazte euskaltzaleentzat topagune bat sortzeko asmoz ekin zioten bideari iaz, antolatzaileek adierazi dutenez: "Ezinbestekotzat jotzen genuen sare bat sortu genuen, elkar elikatzeko, elkarren eredu izateko, elkarri hazten laguntzeko, elkarrekin borrokatzen jarraitzeko".
Hala, lehenengo topaketa horretan 60 gazte inguru elkartu ziren, Arabako kuadrilla ia guztietatik gerturatutakoak. Aurten ere "harrera ona" espero dute antolatzaileek, eta gazteen artean sortzen diren loturei jarraikortasuna eman nahi diete. Haizea Alonso Mendialdeko gazteak adierazi duenez, "topaketa euskaltzaleok elkartu eta euskaraz gozatzeko aitzakia da".
Gazte euskaltzale orori irekia
Aurreko urteko topaketaren lehentasuna parte-hartzaileen artean ezagutzea izan zen; aurten, haratago joan nahi dute, Aroa Arrizubieta gasteiztarrak zehaztu duenez: "Aurten, gure artean elkartzeko dinamikak egingo ditugu". Horretarako, besteak beste, kuadrilletan martxan dauden proiektuak aurkeztuko dituzte, norberak ezagutu eta parte hartu ahal izateko.
Arabar, gazte eta euskaltzale sentitzen den orori luzatu diote gonbidapena; ez soilik bertakoei, baizik eta Arabara bizitzera etorri eta gure hizkuntzan interesa duen edonori: "Azken finean, euskara bultzatzea da helburu nagusienetarikoa; beraz, edonork lagundu dezake horretan".