Arabako Foru Aldundiak abian jarri du "ezkutatuak edo hautematen zailak" diren indarkeria matxisten kontrako kanpaina, Bortizkeria matxistak geruza asko ditu. Moztu dezagun errotik! Har ezazu parte lelopean.
Datorren azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Egunaren ildoan aurkeztu du kanpaina. Horren bidez, herritarrek, irainak eta erasoez gain, begi bistakoak ez diren bestelako indarkeria adibideak identifikatzeko helburua du Aldundiak; tartean, mehatxuak, umiliazioak edo emakumeak azpibaloratzea.
Ostegunean Arabako Kuadrilletako bortizkeria matxistaren diagnostikoa aurkeztuko da, eta horren arabera, genero indarkeria lurraldeko emakume askoren bizitzan dago. Hori gutxi balitz, Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatu Marian Olabarrietak adierazi duenez, lehen aipatutako "beste bortizkeria mota batzuk normalizatzen ari dira egunerokoan". Hori dela eta, kanpainaren bidez, Arabako emakume eta gizonei egiten diete dei, bortizkeria matxista "errotik mozteko" konpromisoa har dezaten.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.