Aurreko ostiralean 18 eta 25 urte bitarteko bost gazte atxilotu zituen Udaltzaingoak Gasteizen, eraso matxista eta lapurreta egotzita. Antza denez, emakumea eta berarekin zihoan lagun bat taberna batetik ateratzen ari zirela, azken horren ezagun batzuekin egin zuten topo. Emakumea atari batean sartu zuten eta kreditu txartela, nortasun agiria eta dirua lapurtzeaz gain, ukituak egin zizkioten. Emakumearekin zihoan laguna erasoa geldiarazten saiatu zen, baina ez zuen eragozterik lortu eta, gainera, eraso egin zioten.
Epaileak atxilotutako bost gizonetako hiru kartzelara bidali ditu; laugarrenari urruntze agindua ezarri dio, eta bosgarrena, berriz, Espainiako Poliziaren esku utzi du, legez kanpoko egoeran dagoelako.
Erasoa salatzeko elkarretaratzea
Gasteizko Udalak azken eraso sexista salatu du, eta ohar baten bidez jakinarazi duenez, indarkeria matxistaren protokoloa aktibatu du, eta besteak beste, biktimaren esku jarri ditu behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak.
Astearterako erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du, 12:00etan, Plaza Berrian. Era berean, mugimendu feministak deitutako gaitzespen-ekintza guztiekin bat egingo duela iragarri du Udalak, eta herritar guztiei horietan parte hartzeko gonbitea luzatu die.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.