Azaroaren 11n Alberto Zerain omenduko dute

Erredakzioa 2017ko aza. 2a, 10:15

Europa jauregian egingo dute mendizalea omentzeko gala, eta bertan, Gasteizko Udalak hiriaren Seme Kutun izendatzeko diploma eta intsignia emango ditu.

Azaroaren 11n Alberto Zerain mendizale gasteiztarra omentzeko gala egingo dute Europa jauregian. Omenaldian, familiak, erakundeek eta kirolari gasteiztarra ondoen ezagutu zuten lagunek hartuko dute parte. Gainera, egun horretan Gasteizko Udalak Alberto Zerain hiriaren Seme Kutun izendatzeko diploma eta intsignia entregatuko du, gizakiaren balio eta ezaugarri onenak biltzeagatik". 

Alberto Zerain joan den ekainean desagertu zen, Mariano Galvanekin batera Nanga Parbat (8.125 m) mendiko gailurrera iritsi nahian ari zela: "Bizitza osoan giza kalitate ikaragarria erakutsi zuen eta kirolaren balio etikoekiko zein Gasteiz hiriarekiko eta lurralde historikoarekiko konpromiso handia", Gasteizko alkate Gorka Urtaranek nabarmendu duenez.

Alberto Zerainen lagun gertukoenek eta senideek antolatu dute azaroaren 11ko ekitaldia, eta UdalakAldundiak eta Jaurlaritzak mendigoizale arabarrari omenaldia egiteko baliatuko dute aukera. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago