Elektriko eta autonomo datoz

Juanma Gallego 2017ko urr. 13a, 14:00

Ibilgailu autonomoak AEBetako kaleetan ibiltzen ari dira jada. Irudia: Waymo

Erregai fosiletan oinarritutako autoak jaun eta jabe dira orain errepideetan, baina egoera aldatzear dago. Laster ibilgailu elektrikoak nagusituko dira, eta gidatzeko sistema autonomoek gero eta garrantzi gehiago izango dute.

Auto bat erosterakoan, kontzesionario batera doazen guztiek hautu bat egin behar dute ezinbestean: diesela ala gasolina. Datozen urteetan, ordea, zailagoa izango da erabakia hartzea. Izan ere, automozioaren munduko iraultza ate joka dago. Aldaketa bikoitza izango da, gainera. Erregaiari dagokionez, errekuntzako motorra alde batera utzi eta baterian oinarritutako ibilgailu elektrikoak nagusituko dira; baina gidatzeko modua ere aldatuko da laster. Gehienetan, iraultza horiek batera joango dira, gainera.

Ameriketako Estatu Batuetan jadanik errealitate bihurtu dira ibilgailu autonomoak. Gehienetan hegazkinek erabili ohi dituzten pilotu automatikoaren antzerako sistema darabilte, baina gidari lana egingo duen gizaki baten beharra dute oraindik, legeak hala aginduta. Arizonan edota Nevadan, adibidez, kaleetan dira jada halako auto eta kamioiak. Adituek uste dute horrelako sistemek nabarmenki handituko dutela segurtasuna, auto istripu gehienek gidarien ardura faltagatik edota trafiko arauak ez errespetatzeagatik izaten direlako. 

Batez ere, Elon Musk ekintzaile famatuak zuzentzen duen Tesla enpresa da negozio horretan buru-belarri ari dena, baina beste  hainbat enpresa ere lehia berrian parte hartzeko prestatzen hasiak dira. Tartean Google-ren Waymo edota autogintza tradizionalean ari diren marka handiak ere. 

Iraultzarako prest 

Prest egongo al dira EHUn ikasketak bukatuko dituzten ingeniariak iraultza horri ekiteko? Baietz uste du Xabier Sancho EHUko ingeniaritza eskolako zuzendariak. Prestatzen ari diren automobilgintza gradu berrian hori kontuan hartu dutela dio. "Adibidez, laugarren mailan nabigazio sistemak landuko dira, eta berrikuntzei adi egongo gara, behar izanez gero ikasgai berriak sartzeko". Bestetik, sistema berri hauen inguruko master bat prestatzen ari direla dio Sanchok.

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago