Indartsua da euskal industria, baina automobilgintzari oso lotuta dago. Eustatek argitaratu duen Euskal Industriaren Ikuspegia 2016 txostenak biltzen dituen datuei erreparatzea besterik ez dago. 2015ean, Euskal Autonomia Erkidegoaren esportazioetan petrolioa izan zen nagusi, 1.761 milioi eurorekin, baina ondorengo lau postu nagusietan daude automozioari erabat lotutako ondasunak: ibilgailuen osagarriak (1.636 milioi euro), turismoak (1.224), furgonetak (797) eta pneumatikoak (938). Guztira, 4.595 milioi euro beraz, petrolioa baino askoz gehiago. Honek esan nahi du EAEk kanpoan saltzen duen euro bakoitzetik, ia 21 zentimo automobilgintzari lotuta daudela. Ez da gutxi.
Horregatik, zaila dirudi pentsatzea lan mundu horretan profesionalak trebatzeko unibertsitate mailako ikasketarik egon ez izana. Eta hala izan da, orain arte.
Aurten estreinatu dute gisa horretako ingeniariak prestatzeko titulazioa, Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolan. Ikasturte honetarako, 210 bat ikaslek eskatu dute bertan sartzea. Horietatik, 60 inguru EAEtik kanpoko ikasleak izan dira. 40 plaza baino ez zeuden ordea. Batzuk Nafarroatik etorri dira, baina Espainiatik ere datoz ikasleak: Errioxatik, Terueletik eta Murtziatik, hain zuzen.
Espainian ere halako titulazio bakarra dago, Madrilgo Nebrija unibertsitate pribatuan. "Manresako politeknikoan ere saiatu dira titulazioa ezartzen, baina, antza, ez da atera; agian, beharrezkoa den kreditazioa ez dutelako lortu", azaldu du Xabier Sancho Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolako zuzendariak. "Izan ere, horrelako titulu bat martxan jartzeko erakunde baten kreditazioa behar duzu. Gure kasuan, Unibasq agentziaren bitartez eskuratu dugu".
Gradu berria sortzeko sukalde lanak nolakoak izan ziren gogoratu du Sanchok. "Industriaren alorrean gradu duala egin nahi genuen. Horrek esan nahi du titulua eskuratzeko ikasleek halabeharrez enpresan praktikak egin behar dituztela".
Enpresekin batera
Inguruko ehun industriala ikusita, argi zegoen automobilgintzari lotutako prestakuntza beharrezkoa zela. Batez ere, Araban kokatutako enpresekin batera prestatu dute gradu berria. Michelin eta Mercedes dira ezagunenak, baina 15-20 enpresatako ekarpenak jaso dituztela aipatu du zuzendariak. Arabatik kanpokoak ere. "RPK, Irizar, Maier edota SAS Automotive Systems bezalako enpresen laguntza izan dugu ikasketak prestatzeko". Alabaina, asmoa ez da soilik industriaren beharrak ase egingo dituzten langileak prestatzea, enpresen ezagutza ikasgeletan islatzea baizik.
"Industrian lanean izan diren irakasleak ditugu, eta automozioaren munduan ikertzen ari direnak. Gainera, beste titulazioetan egiten ari garen modu berean, etorkizunean enpresetako profesionalak klaseak ematera etortzea espero dugu. Ordu batzuez irakasteko bada ere, enpresaren ikuspuntua jasotzeko aukera ona izango da". Formakuntza horren bitartez, lan merkatuaren errealitateari ahalik eta gehien hurbiltzen saiatuko dira.
Zabalduta dagoen ustearen kontra, ingeniariek ez dute soilik arlo teknikoa landu behar. "Taldean lan egiteko gaitasuna, publikoaren aurrean aurkezpenak egiteko erraztasuna izatea edota bezero eta hornitzaileekin lan egitea... gaitasun horiek guztiak behar-beharrezkoak dira gaur egun. Gainera, egindako ekarpenetan enpresek azpimarratu digute ingeniari hauek ez dutela lan egingo bulego batean isolaturik. Automobilgintzaren munduan gero eta elkarrekintza gehiago dago, eta metodologia zein lan egiteko modu berriak landu behar dira, ezinbestean".
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 122. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.