Euskarazko wikipedia osatzeko jarduerak antolatu dituzte Gasteizen

Erredakzioa 2017ko ira. 29a, 08:00

Urrian, tresnaren funtzionamendua ezagutzeko mintegiak antolatu dituzte, eta hilaren 25ean, euskarazko entziklopedia digitalean artikuluak idazteko jarduera egingo dute, Arabako Campusean.

Urriaren 25ean, euskarazko Wikipedia eta umeentzako Vikidia entziklopedian artikuluak idatzi eta editatzeko jarduera egingo da Gasteizko Campuseko Letren fakultatean. Euskal Wikilarien Elkarteko kide batzuen eta zenbait irakasleren laguntzarekin, Campuseko ikasle-irakasleak eta animatzen den oro joan daiteke euskarazko Wikipedia eta Vikidiarako artikuluak idaztera. Zehazki, Gasteizko unibertsitatean ematen diren ikasketekin loturiko edukiak landuko dira bereziki, baina Gasteiz eta Arabako emakumeei buruzko artikuluak ere landu ahal izango dira, emakumezkoen presentzia handitzeko.  

Vikidiaren kasuan, 8 eta 13 urte bitarteko eskolumeentzako artikuluak egingo dira, baina ez bakarrik umeen eskola-beharrei begira, baita adin tarte horretako ume euskaldunei interesatzen zaien beste edozein gairi buruzkoak ere. Jarduera 9:00etan hasi eta 16:00ak arte luzatuko da.

Mintegiak urrian

Wikipedia eta Vikidiaren funtzionamenduaren berri jakin nahi duten ikasle nahiz erabiltzaileentzat, gainera, mintegi bat antolatu da hilaren 9, 16 eta 23rako, goizeko 11:00etatik 13:00etara, Xabier Armendaritz, Euskal Wikilarien Elkarteko lehendakariarekin. Interneteko entziklopedia horietan artikuluak nola idatzi eta editatu ikasi ahal izango da mintegian. Bertan parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute urriaren 9a baino lehen, wikimintegia@gmail.com e-postan.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago