Entziklopedia honen sortzaileek esan bezala, “gure asmoa da adin horretako euskal umeek berek ere parte hartzea Vikidia egiten, haiek izatea interesatzen zaizkien artikuluak idazten dutenak, beharbada euren irakasleen laguntzarekin, eskolarako baliagarriak izan daitezkeen gaietan euren ekarpena eginez”.
Horregatik, irakasleei dei berezia egiten diete proiektu honetan parte hartzeko eta euren ikasleak ere euskarazko Vikidia osatzera animatzeko. Vikidia, bere azalean azaltzen duen bezala, Wikipediatik aparteko proiektua da. Frantsesez hasi zen 2006an eta ingelesez 2013an. Beste bertsio batzuk ere badaude, gaztelaniaz, katalanez edo italieraz, besteak beste. Oraingoan, euskarazkoa martxan jarri dute.
Umeentzat zein euskara ikasleentzat
Vikidia eskola umeentzat pentsatuta dago, baina euskara errazean idatzitako Wikipedia izanik, euskara ikasten ari diren helduentzat ere izan daiteke baliagarria. Edozeinek kontsultatu dezake.
Nork egiten du Vikidia?
Vikidia wiki proiektu bat denez gero, edonork parte har dezake, artikuluak idatziz, aldatuz edo osatuz, informazioa gehituz edo zuzenduz. Horretarako kontua ireki beharra dago. Vikidiaren bultzatzaileoi bereziki gustatuko litzaieke Euskal Herriko eskola komunitatea osatzen dutenek parte hartzea Vikidia egiteko lanetan, umeek batez ere. Horregatik, dei egin nahi diete eskoletako ikasle-irakasleei proiektu hau handitzen eta hobetzen laguntzeko. Izan ere, “garrantzitsua iruditzen zaigu umeak animatzea artikuluak idatzi eta Vikidian argitaratzera, beraientzat oso tresna interesgarria izan daitekeelako testuak egiten ikasteko”, azaldu dute.