'Esku artean' izan dituztenak

Juanma Gallego 2017ko ira. 22a, 09:45
Cristina Aransay eta diputatu nagusia, erakusketan. | Quintas

Zaharberrikuntza Zerbitzuaren ibilbidea biltzen duen 'Esku artean' izeneko erakusketa urriaren amaierara arte ikusgai dago Bibat museoan. Estetika hutsaz harago, kultura ondasun gehienek istorio zirraragarri bat dute atzean.

 

Honek jada ez digu ezer esango". Paloma Lopezek lantza baten muturra erakutsi du. Polita da esku artean duen pieza. Pertsona batek mendian aurkitu zuen, baina, inguruan zeukan oxidoa kentzeko, azidoan murgildu zuen. Akabo. Hortik aurrera, lantza baten mutur hutsa izatera  igaro zen. Mutur mutua, alegia.

Bigarren traste baten argazkia erakutsi du ondoren. "Sentitzen dugu, baina ezin dizugu erakutsi, orain Bibat museoan dagoelako. Ikusteko, hara joan beharko duzu. Merezi du". Guztiz zatarra da argazkian azaltzen dena. Herdoildutako nahaspila hutsa. Itsusia. Benetako harribitxia, finean. Dulantziko San Martingo nekropolian topatutako aizkora da. Goi Erdi Aroko gerlari batek berarekin eraman zuen. Zerura edo infernura, batek daki. Baina aizkora horren zaharberritze prozesuak informazio andana azaleratu du.

Herdoilaren azpikoak 

"Pixkanaka garbitzean, gauzak azaltzen hasi ziren", gogoratu du Lopezek. "Ehun baten aztarna agertu da, aizkoraren gainean mineralizatuta. Seguruenera, gerlariak zeraman jantziaren aztarnak dira". Bestetik, herdoilaren azpian, egurrezko kirtenaren arrastoak ageri dira. Azkenik, intsektuetako pupen arrastoak ere ageri dira, metalaren narriadurak "fosilizatutako" aztarnak, hain zuzen. "Momentuz espeziea ezin izan dugu identifikatu. Baina etorkizunean hori egiterik balego, agian aukera izango genuke jakiteko ea gorputza berehala ehortzi zuten ala denbora batez mantendu zuten. Garaiko hilobiratze ohituren berri jakiteko, alegia". CSI Dulantzi, funtsean, duela hamabost mendetako hilotz batean entomologia forentsea aplikatuta. 

Esku artean izeneko erakusketan ikusgai dago aizkora itsusia. Lantza mutur polita, ordea, kaxoi batean gordeta dago, momentuz. Polita da, bai. Historikoa, baina atzean istorio onik gabekoa. Azidoak betiko eraman zuen bere arima.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide