Garoña itxita egoteak ez du bermatzen Araba isuri erradioaktiboen arriskutik guztiz kanpo geratuko denik. Izan ere, Araba hondakin eta erregai nuklearren ohiko ibilbidean kokatuta dago. AP-68 autobidetik igarotzen dira garraio horiek, baina horien inguruko berri zehatzik ez dago. Aferaren tamaina ezagutzeko zantzu bakarra CSNk legez argitaratu behar dituen ikuskapen txostenetako datuak dira. Txosten horiek, ordea, zentsuratura agertzen dira, eta, askotan, zaila da garraioen inguruko xehetasunak izatea.
CSNren izenean, Eusko Jaurlaritzako teknikarien ardura da ikuskapen horiek burutzea, eta Altubeko zerbitzugunean izan ohi dira.
Maiatzean, adibidez, Juzbadon (Salamanca, Espainia) dagoen erregai nuklearren ekoizpen gunetik Frantziako zentral ezezagun batera egindako garraioaren ikuskapena burutu zuten. Kamioian 8 fardel zihoazen: bakoitzak 465 kilo uranio zituen. Guztira, 3,7 tona uranio, alegia. Litekeena da helmuga Frantziako Penlyko zentral nuklearra izatea, iazko martxoan beste zortzi fardel eraman zituztelako hara. Orduan, kamioiak 4.320 kilo uranio eraman zituen.
Bueltarako bidea ere egiten du materialak. Adibidez, ekainean Frantziako Saint-Laurent-Nouango zentraletik Juzbadorako bidean zihoan garraioa ikuskatu zuten Altuben: kamioiak, kasu horretan, PWR 17x17 motako erregai elementua zeraman barruan.
11 kamioiko konboia
Bilboko portutik itsasontziz heltzen den materiala ere Arabatik igarotzen da. Adibidez, 2016ko urriaren 15ean, 11 kamioiez osatutako konboia abiatu zen Bilbotik Salamancara. Horietako bakoitzak uranio oxidoz betetako kontainer bana zeraman. Aurtengo urtarrilean, halako bi kontainer heldu ziren Erresuma Batutik, eta, ekainean, beste bost lurreratu zituzten. Kasu horretan, Bilbon geldialdia egin zuen itsasontzia Ameriketako Estatu Batuetatik zetorren, eta, barruan tentuz ibiltzeko zama zeraman: 911 tona uranio hexafluoruro.
Urarekin edo aireko ur-lurrunarekin kontaktuan jartzean konposatu toxiko eta korrosiboa eragiten du. Hexafluoruroa uranio aberastua sortzeko erabili ohi da. Uranioa aberastea erregai nuklearra sortzeko ezinbesteko pausua da. Material horren bi helmugak zentsuratuta ageri dira txostenean; horren haritik agertzen den zantzu bakarra da itsasontzian zegoen erradiazio neurgailuaren ziurtagiria errusieraz idatzita zegoela.