Hamabi disko eta 24 urteko ibilbide luzearen ondoren, agur esateko ordua iritsi zaio Betagarri taldeari. Belaunaldi oso batek dantza egin du Gasteizko taldearen musikarekin, eta Euskal Herriko ska-rock talde ezagunetakoa bilakatu da.
Ez soilik gure artean, Euskal Herritik kanpo ere entzun da haize tresnen eta rockaren arteko nahasketa ezaguna. Hatortxu Rock jaialdian egingo dute azken agurra.
Azken bost urteetan gutxitan jo dute. Gainera, 2012. urteko Zorion argiak izan zen estudioan grabatutako azkena. Bi urte geroago, 20 urte zuzenean diskoak bilduma baten rola bete zuen.
Autoeskoletako L letrarekin hasiera eman zioten ibilbide musikalari. Lehen maketaren abestiak biniloaren xarma eskuratu zuten orduan. Horri esker zabaldu ziren, lau haizeetara, Gasteizko taldearen kantak.
Muineko enea abestia, esaterako, Euskal Herriko gaztetxe askotan benetako himno bilakatu zen. Abesti hori baliatu zuten Bilboko Kukutza gaztetxekoek haien egitasmoaren berri emateko prestatu zuten powerpoint analogikoan. Okupatutako etxean lehen hilabeteetan landutako ekintzak azaltzeko, kasete batean jarritako Betagarriren abestia eta diapositiba bilduma besterik ez zuten behar izan. Irudiak eta letrak, noski, guztiz bat zetozen.
Eman beharrekoa, emana
Taldearen webgunean argitaratutako mezu baten bitartez adierazi du taldeak agurraren ordua iritsi zaiela. Arrazoiak azaldu dituzte: bizi beharrekoa bizi izan dutela diote. Musikaren bitartez gauzak aldatu nahi zituzten eta, antza, zerbait lortu dute. Araba gaur egun modukoa bada, arrazoi asko izango dira tartean, baina Betagarri bezalako talde batek izan du, seguruenera, zer esanik. Ostiraleko agurraren ostean, belaunaldi berri batek beteko du utzitako hutsunea. Larunbatean, berriz, Betagarri euskal musikaren historiaren pasarte bat izango da.