"Bizi behar genuena bizi izan dugu; gutxi dugu egiteko"

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Ugarte 2017ko uzt. 26a, 16:18

Iñaki Ortiz de Villalba. Betagarri taldeko abeslaria. Hamabi disko eta mila kontzertutik gora eman ostean, Hatortxu Rock jaialdian esango du agur taldeak.

Azken urteetan apenas aritu den inongo agertokitan Betagarri ska-rock talde gasteiztarra. Aspaldiko partez elkartu dira, baina azken kontzertua gertatzeko: Hatortxu Rock jaialdian izango da ostiralean. Hamabi diskoko uzta utziko du taldeak, atzekoz aurrera: L (1994), Betagarri(1997), Arren Erro Zaharra (1988), 80/00 (1999), Freaky Festa(2000), Remix (2001), Arnasa Hartu (2002), Zuzenena (2004), Hamaika Gara (2006), Bizitzari Txistuka (2009), Zorion Argiak (2012) eta 20 Urte Zuzenean (2014).

Bizpahiru lerroko mezuan eman duzue 24 urteko ibilbidearen amaieraren berri. Nondik dator erabakia?

Duela bi urte atsedenaldi bat hartzea erabaki genuen. Energia gutxi sumatzen genuen taldean. Gutxiago jotzen ari ginen, ez genuelako ezer berririk merkatuan. Atsedena disko berri bat prestatzeko zen hasieran, baina ez dugu ikusi geure burua behar besteko indarrez eta ilusioz. Bizi behar genuena bizi izan dugu; gauza berri gutxi geratzen zaizkigu deskubritzeko eta egiteko. 7-8 pertsonak osatzen dugu taldea: [Iñaki Ortiz de Villalba (ahotsa), Miguel Angel Martin (bateria), Pablo Rodriguez (baxua), Aitor Ruiz de Arbulo (gitarra) , Gonzalo Zaldibar (gitarra) , Unai Lobo Garcia (tronpeta), David Gabiña (saxofoia), Mikel Sanz (tronboia)]; eta bakoitzaren bizitzek baldintzatzen zaituzte. Asko bizi izan dugu, asko bidaiatu, mila kontzertutik gora eman ditugu, eta uste dut ja ez gaudela egoera horretan.

Zein izan da Betagarriren jarrera urte hauetan guztietan?

Musikaz gauzak aldatzen saiatzea. Pentsa, Araban eta Gasteizen ez zegoen euskarazko talderik ia-ia. Aurreko batean, mezu batean esan zidaten elementu interesgarria eta eraldatzailea izan garela Arabako gizartean, Araba euskalduntzeko eta beste ikuspuntu batetik begiratzeko egindakoagatik.

1993an elkartu zineten Gasteizko La Nave Piratan. Nola oroitzen dituzu hasierak?

Urruti ikusten dut, eta, aldi berean, atzo izan zela dirudi. Ilusio handia zuten gazte batzuk ikusten ditut. La Nave Pirata proiektuan guk geuk eraiki genituen entseatzeko lokalak, eta hor argitaratu genuen L lehenengo maketa. 3.000 kopiatik gora saldu ziren, eta kanpoko deiak jasotzen hasi ginen. Bultzada eman zigun, eta auzoz auzo eta gaztetxez gaztetxe mugitzen hasi ginen.

1999ko 80/00 diskoa izan da arrakastatsuena, 1980ko hainbat euskal talderen kantuen bertsioekin egindakoa.

Gehien saldua izan zen —15.000 kopiatik gora—, nahiko erraza zelako, jendeak kantuak ezagutzen zituelako, edo, agian, gure garaia zelako; hori inoiz ez dakizu. Zuzenean ere bertsioek pisu handia izan dute.

Ze bilakaera izan du taldeak diskotik diskora, 1993ko maketatik 2014ko 20 Urte Zuzenean azkenengora arte?

Bilakaera nahiko erregularra izan da beti. Betagarri ez da inoiz izan single talde bat, ez dugu izan udan topean jarri gaituen singlerik. Bilakaera motela izan dugu, lana apurka egin dugu, eta fruituak ere apurka iritsi zaizkigu. 80/00 beti izan da salmentetan nagusia, baita 2004ko Zuzenena ere, Salteko La Mirona aretoan grabatu genuena (Girona, Herrialde Katalanak).

Asko jo duzue kanpoan, baina Herrialde Katalanekin lotura berezia izan duzue?

Bai, Euskal Herriaren ostean, han jo dugu gehien. 1.000 kontzertu eman baditugu, 300 baino gehiago han izan dira; Gironan, Bartzelonan, Tarragonan... Betagarrik belaunaldi bat markatu zuen han, ia asteburu oro jo genuen sasoi batean. Kaletik ere ezagutzen gintuzten. Orain, euskaldunok gehiago begiratzen dugu hara; baina, lehen, alderantziz zen, bazegoen baskitis bat. Lluis Llachen L'estaca-ren bertsioa egiteak ere lagundu zigun.

Euskal Herrian ska-rock eszenan aldaketarik nabaritu duzue?

1990eko hamarkadan oso talde gutxi zeuden, ska talde gisa Skalariak eta Betagarri geunden, eta hor, 1990- 2000 urte inguruan, erreferente bihurtu ginen, nolabait. Negu Gorriak, Kortatu eta Hertzainak taldeak ziren gure erreferenteak Euskal Herrian. Kanpokoko taldeetatik, The Specials, Los Fabulosos Cadillacs, Madness, The Clash... entzuten genituen, eta gero guk gurea egin genuen. Betagarriren eskolako talde asko daude orain, puri-purian; metal eta ska patroiarekin esan nahi dut.

Lehen lanak kasetean atera zenituztenetik, musika industria eta kontsumo ohiturak ere asko aldatu dira. Nola eragin dizuete aldaketa horiek? 

Kaseteak atera genituenean, ja diskoak hasi ziren, eta, orduan gutxi saltzen baziren, orain gutxiago. Diskoak inoiz baino iragankorragoak dira gaur. Halere, hemen badago konpromiso bat kulturarekin; Durangoko Azoka egongo ez balitz, Euskal Herrian diskoak ez lirateke salduko saltzen diren moduan. Orain badirudi zentzu handiagoa duela sare sozialetan mugitzeak; horrek apur bat jokoz kanpo harrapatu gaitu.

24 urteko ibilbidean zer ikusi- ikasi duzu, onean nola txarrean?

Alde txar gutxi; izatekotan, ordutegiak, ikusten ez diren prestatze eta muntaketa lanak. Baina, batez ere, ezagututako jendearekin eta agertokiko uneekin gelditzen naiz. Farandula mundu hori gustatzen bazaizu, asko gozatzen duzu. Niri gustatzen zitzaidan, eta gustatzen zait oraindik.

Jarraituko duzu musikan, orduan? 

Gogoa badut, eta ideiak baditut; hori dagoen artean, litekeena da.

Azken kontzertua Hatortxu Rocken emango du Betagarrik. Ezer berezia gertatzen zabiltzate?

Betiko abestiak joko ditugu, eta Obrin Pas taldeko Xavi Sarria eta Miquel Girones izango ditugu gonbidatu. Guretzat, ezinbestez, hunkigarria izango da.
 
 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago