Isurketek aurrez aurre ipini dituzte Ura eta Beraza

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko eka. 21a, 17:00

Azken isurketa, Agurain aldean.

Hiru zigor espediente daude Aguraingo Udalaren kontra; Iñaki Beraza alkateak "inbertsioak" eskatu ditu.

 

"Espedienteak jartzen dizkigutenak dira inbertsioak egin behar dituztenak". Hitz horiekin erantzun dio  Iñaki Beraza Aguraingo alkateak Uraren euskal agentziak egindako salaketari. Maiatzaren 6an, Zadorra ibaian, atzemandako isurketa kutsakorrak aurrez aurre jarri ditu bi erakundeak.

Urak Aguraingo araztegiaren kontrol eza leporatu dio Udalari. Gainera, Zadorra ibaian jazotako isurketaren aurrean "ezinbestekoa den azkartasunarekin" ez aritzea leporatu dio: "Araztegiaren sarrerako ponpaketan gertatutako hutsegite bategatik eman zen isurketa. Instalazioaren titularrak –Udala, hain zuzen– ez zuen hutsegite hori atzeman behintzat bi egun igaro arte".

Uraren agentziak salatu du araztu dezakeena baino kutsadura karga askoz altuagoa jasotzen duela Aguraingo araztegiak, eta azpimarratu du Udalak ez duela kontrolatzen bertako industriek kolektorera botatzen dituzten isuriak. Ildo horretan, agentziak argitu du herriko enpresa bati zuzenean eskatu behar izan diola isurketei buruzko udal-ordenantza betetzea, "nahiz eta Aguraingo Udalaren eginkizuna den". 

"Hamaika errekerimendu"

Urak azpimarratu duenez, "hamaika errekerimendu eta espediente" ireki dizkio Udalari, baimenik gabeko isurketengatik; errekerimendu horiek bete ez dituenez, hiru zigor-espediente zabaldu dizkio. Gainera, beste zigor espediente bat ireki du herriko enpresa baten kontra, "euri-uren sarearen bitartez zuzenean ibaira heldutako baimendu gabeko isurketarengatik". 

Beste alde batetik, Batzar Nagusietan hitz egin du Beraza alkateak, EH Bilduk hala eskatuta. Agerraldian aitortu du maiatzeko isurketaren berri izan zuenean, Diputazioarekin hitz egin ordez, zuzenean Aldanondo enpresaren arduradunekin hitz egiten saiatu zela: "Ez nekien Diputaziora deitu behar nuenik; 2013ko hitzarmena ez dut irakurri", esan zuen. 

Gaineratu du, arazoak konpontze aldera, Aldanondo eta Celigüeta enpresekin behin baino gehiagotan hitz egin duela Udalak: "Kolektorera bota aurretik, Aldanondok arazketa egin behar du; espedienteak zabaldu dizkiogu, eta geratzen zaigun bakarra da enpresa ixtea", azpimarratu zuen. 

Uraren kudeaketaren egoera kezkagarria konpontzeko modu bakarra araztegi berria eraikitzea dela esan du alkateak, eta horretarako "inbertsioak" eskatu ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago