Gasteizko Udaleko Eledunen Batzarrak Alberto Zerain mendizalea hiriko seme kuttuna izendatzea adostu du gaur, aho batez.
"Galera handia izan da, ez bakarrik euskal mendizaletasunarentzat; hiriarentzat ere. Bere bizitza profesional zein sozialean transmititu zituen balioek indarrean jarraitzen dute gure hirian eta gizartean", adierazi du Gorka Urtaran alkateak.
Proposamena EH Bildu Gasteiz udal taldearen eskutik etorri da. Izan ere, atzo Zeraini Urrezko Domina ematea edo Gasteizko seme kuttuna izendatzea proposatu zuen.
Jose Luis Isasi eta Eduardo Madinaveitia izan dira izendapen hau jaso duten azken gasteiztarrak, 2008an eta 2010ean, hurrenez hurren.
Hileta elizkizuna, ostiralean
Alberto Zerain mendizale gasteiztarra aurreko astean hil zen, Nanga Parbat zortzimilakoa igotzen ari zela, elur jausi batek, bera eta Mariano Galvan mendizalea, harrapatu ondoren. Larunbatean, aste bat bete zen Alberto Zerain eta Mariano Galvan mendizaleen arrastoa Nanga Parbaten galdu zenetik. Egun horretan, bi mendizaleen arrastoa galdutako tokiraino, Mazeno ertzeraino, bi bidaia egin zituen helikoptero batek, eta elur jausi bat aurkitu zuen bi mendizaleak desagertu ziren tokian. Hala, Zerain eta Galvan bizirik aurkitzeko aukera baztertu zuten.
Zerainen aldeko hileta ostiralean egingo dute Gasteizko San Migel elizan, 19:30ean.