Hamasei bisoi europar ale daude egun Araban

Erredakzioa 2017ko ekainaren 21a

Bisoi europarraren egoeraren "balantze baikorra" egin du Aldundiak, nazioarteko adituak biltzen dituen mintegian.

Arabako, Kataluniako, Nafarroako, Estatu Batuetako, Estoniako edo Frantziako adituak Gasteizko Biltzar Jauregian bildu dira gaur  Espainian bisoi europarra kontserbatzeko ikuspegi berriak izeneko mintegian. Bertan, LIFE Lutreola proiektu europarraren barruan egiten diren lanak partekatu dituzte, eta besteak beste, bisoi europarraz aritu dira. 

Diputazioa baikor agertu da egun espezie honek lurraldean bizi duen egoerarekin.  "Urte hauetan guztietan egin den lanari esker, bi hamarkada beranduago,  baikorrak izan gaitezke bisoi europarraren etorkizunari dagokionez", azaldu du Amaia Barredo Aldundiko Ingurumen zuzendariak.

Hamasei ale Araban

Bisoi amerikarraren kontrolari edo tranpa metodo berriei esker, bisoi europarraren 16 ale aurkitu dira dagoeneko Araban. "Hiru urte lehenago, aldiz, bat bera ere ezin genuen aurkitu”, adierazi du Barredok.

Era berean, animaliak itxian hazteko zentro gisa Arabak izan duen papera nabarmendu du, baita besteñako kontserbazio neurri batzuk ere.

Horrela, 1997tik geroztik, 556 bisoi amerikar harrapatu dira Araban. Gehienezko kopurua 2015ean lortu da, 150 harrapaketa, ibaietan instalatu diren ur gaineko plataforma horiei esker. Ondoren, espezie inbaditzailearen presentziak behera egin du, eta 2016an  hamar animalia bakarrik harrapatu ziren.


Europako LIFE Lutreola proiektuaren esparruan, Aldundiak bideo bat zabaldu du gure lurraldean espezie hau kontserbatzeko hartu diren neurriei buruzko informazioa eman eta herritarrak espeziea babesteari buruz sentsibilizatu nahian.

 

Bisoi europarra from DIPUTACION FORAL DE ALAVA on Vimeo.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago