Greziako Karabanaren esperientzia positiboaren ondoren, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba plataformak beste karabana bat antolatu du, gudatik, gosetik edota esklabo-salerosketatik ihes egin behar duten milioika pertsona migratzaile eta errefuxiatuen giza eskubideak errespeta daitezen eskatzeko. Igor Muñoz plataformako kideak azaldu ditu ekinaldiaren ingurukoak Alea FM irratsaioan.
Zergatik sortu zenuten plataforma?
Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba herritarron erantzun bat da. 2011n Sirian gerra hasi eta gero, 2015ean handik babes bila irtetzera behartutako jendetza harritzekoa izan zen. Hedabideetan egunero agertzen ziren errefuxiatu eta migratuen inguruko albisteak. Gehienak, heriotz eta sufrimenduz josiriko albiste tristeak. Mespretxu keinu argi batekin mugak itxi zitzaizkien migrante eta babes bila zetozen pertsonei, eta agerian geratu ziren Espainia eta Europako Batasunak dituzten migrazio politikak. Horri erantzuna eman behar zitzaion, egoerak laguntza humanitarioa baino gehiago eskatzen zuen. Eta hori du helburu plataformak: Europako Batasunaren eta Espainiako Gobernuen giza-eskubideen urratze interesatuak salatzea, kapitala pertsonen eskubideen gainetik jartzen duen sistema politiko bat salatzea, alegia. Hasi orain dela urtebete hasi ginen, Greziarako Karabana prestatu baino hilabete gutxi batzuk aurretik.
Nola antolatzen da plataforma?
Taldekideen artean ideologia ezberdineko pertsonek egiten dugu topo. Taldean argi daukagu era autogestionatuan egin behar dugula lan, eta ez dugu administrazioarekin inolako loturarik. Bestalde, biltzar bidez erabakitzen ditugu egin beharreko guztiak, eta gure burua feministatzat jotzen dugu, nahiz eta, jendartean gertatzen den legez, oraindik asko ikasi behar dugun.
Melillara zoazte datorren uztailaren 14an, karabanan. Zergatik Melilla?
Datorren uztailaren 14an, hiru edo lau autobus bete nahi ditugu Euskal Herritik Espainiako Hegoaldeko mugara abiatzeko. Itzulera 22an izango da. Karabanaren helburua EB eta Espainiaren migrazio eta asilo politikak salatzea da; giza-eskubideen urratze gehiago ezin ditugu onartu. Mediterraneo itsasoan gertatzen ari dena salatu nahi dugu. Denbora pasa ahala hedabideetan arazoaren inguruko albisteak gutxitzen ari dira, eta guk politika hiltzaile hauek sortzen dituzten albisteak pil-pilean mantendu nahi ditugu. Arazoa Mediterraneo osoan zehar dago, puzzle baten antzera aztertu behar da, pieza guztiak elkarturik baitaude. Esaterako, hasieran bi bide ziren nagusi babes bila zetorren jendearentzat. Bat Turkiako bidea eta bestea Maroko eta Espainiako Hegoaldearen arteko muga, Ceuta eta Melilla. Behin horiek itxita, jendea Libia aldera bultzatu da, nora eta sekulako desegonkortasun politikoa duen herrialdera. Gainontzekoek ez dute aukera handirik eta arriskuan jartzen dute euren bizitza Italia eta Greziarako bidean. Onartezina da. Guk puzzle horretako gertuen dugun piezara gerturatzea erabaki dugu, Melillara.
Entzun elkarrizketa osorik audioan.