30 gradutik gorako tenperaturak ez dira oztopo izan, eta milaka lagun hurbildu dira gaurkoan Bastidara, Arabako ikastolen jaia ospatzeko. Wow lelopean, Bastida ikastolak ekintzez beteriko egitaraua prestatu du, eta horrekin batera, 1,5 kilometroko ibilbide laburra, laua eta erraza. Hala, bisitariak gune batetik bestera erraz mugitu ahal izan dira. Ibilbide horretan, hiru gune egokituko dituzte:nagusiena, Esnebidea izenekoa, Andromeda eta Prometheus. Bertan, umeentzako zein helduentzatko jarduerak izan dira, musika eta giro aparta lagun.
Goizeko 10:00etan hasiera eman diote ospakizunari, Bastida ikastolako arduradunek eta erakundeetako zein alderdietako zenbait ordezkarik, tartean, Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak. Ondoren, ibilbideari buelta eman diote.
Geroago, aurtengo omenduen txanda heldu da. Bastida ikastolak ikasle ohiei omenaldia eskaini die, bereziki zientzia eta teknologiaren bidea hautatu dutenei. Ikasle horien guztien ordezkari gisa hiru lagun aukeratu dituzte: Jesus Garcia, Ruben Egiluz eta Maria Ruiz. Era berean, datorren urtean Araba Euskaraz hartuko duen ikastolari lekukoa pasa diote; Argantzun ikastolari, hain zuzen ere.