Ikasle ohiak omendu nahi izan ditu aurten Bastida ikastolak, bereziki zientzia eta teknologiaren bidea hautatu dutenak. Ikasle horien guztien ordezkari gisa hiru lagun aukeratu dituzte: normala denez, hirurek bide ezberdinetatik heldu diote bizitzaren ibilbideari, baina ezaugarri komunak ere badituzte.
Mondragon Unibertsitatean egin dituzte graduko ikasketak, eta ingeniaritzara bideratu dituzte haien ibilbide profesionak: Jesus Garciak eta Ruben Egiluzek ingeniaritza informatikoa aukeratu dute. Maria Ruizek, berriz, industria antolakuntzaren ingeniaritzaren aldeko hautua egin du.
Bastidan ikasle gisa emandako urteak gogora ekartzean, "poztasuna" eta "bizipen politak" izan dira gehien errepikatu diren hitzak. Ikastolako lehen belaunaldian ikasi zuen Egiluzek. Gogoratu duenez, garai horretan Bastidako eskolan euskara ez zen ikasten, ezta ikasgai modura ere. Ikastolako zein eskolako ikasleen arteko "lehia sano" bat zegoela ere dio. "Tira, gu txikitxoenak ginen, baina eskolan adin guztietako ikasleak zeuden".
Aintzindariak
Ikastolan ikasteko ilusioa nabarmendu du Ruizek. "Beste zonalde batzuetan baino indar gehiago egin behar zenez, egunerokotasunean sentimendu hori asko islatzen zen. Orain jende gehiago ari da ikasten ikastolan, baina nire garaian gutxi ginen".
Bastidan bizi zen Garcia, eta Lapueblara ikastera joatea arraroa egiten zitzaiola dio. Oraindik ez zekien zientzia eta teknologiaren bidea hartu behar zuenik, baina Gasteizera batxilergoa ikastera joan zenean biologiarekiko grina piztu zitzaion. Gerora, ordea, ingeniaritza hautatu zuen. Egiluzek eta Ruizek, berriz, oso gaztetik argi zeukaten beraiena ingeniaritzaren bidea zela. Izan ere, biek ala biek zituzten teknologiaren alorrean aritzen ziren senideak.
Hirurek mantentzen dute Arabako Errioxarekiko lotura, batez ere bertan senideak dituztelako. Egun, Bastidan bizi da Garcia. Egiluz Haron bizi da, eta, Madrilgo enpresa baterako lan egiten badu ere, astean bi egunez baino ez doa hara: gainerako hiru egunetan etxetik egiten du lan. Ruizek Arrasaten du lantokia, eta bertan bizi da.
"Harrotasunez" eta "ilusioz" hartu dute ikasle ohiak ordezkatzeko gonbita. Hein handi batean, haien ibilbide profesionalak duela 38 urte hasitako ametsaren ondorio direlako. Beste ikasle askoren ibilbideak halakoak diren modu berean.
OMENDUAK
Jesus Garcia Sanchez Ingeniari informatikoa
Mondragon Unibertsitatean graduko ikasketak bukatu eta gero, Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzako Unibertsitate Masterra egin zuen. Gaur egun, Arabako Teknologia Parkean dagoen Globe Testing enpresan egiten du lan, kontsultore gisa. Bertan, batez ere, web orrialdeen testing edo azterketak egiten dituzte, bisita kopuru handiak izaten direnean, zerbitzariek arazoak izan ez ditzaten.
Maria Ruiz Amurrio Industria antolakuntzako ingeniaria
Ingeniaritza teknikoa Diseinu Industrialean ikasi zuen, Mondragon Unibertsitatean, eta bi urtetako Industria Antolakuntzako ingeniaritza, unibertsitate berean. Egun, bertan jarraitzen du ikertzaile gisa, klaseak ematen eta doktoretza tesia egiten. Ikasketa proiektua Suedian egin zuen, eta bertan geratzeko aukera izan zuen, baina Euskal Herrira bueltatzea erabaki zuen. Arrasaten bizi da orain.
Ruben Egiluz Fernandez Ingeniari informatikoa
Mondragon Unibertsitatean Informatika Ingeniaritza ikasi zuen, eta Universitat Oberta de Catalunya-n software librearen inguruko masterra egin zuen gero. Ia hiru urte daramatza Madrilgo Alea Soluciones enpresan, software ingeniari lanetan. Aurretik, beste zenbait enpresatan analista eta programatzailea izan da, batez ere Java lengoaian. Liveplay enpresaren kofundatzailea ere bada.