"Umeentzat ezinbestekoa da eskola beharretarako euskarazko edukiak izatea"

Ane Pedruzo eta Jon Ander Santos 2017ko eka. 8a, 10:44

Gaztetxoek idatzita, eta beste gazteontzat erabilgarria izateko moduan; halakoa da Vikidiaren atzean dagoen filosofia. Haurrei bideratutako entziklopedia aske honen euskarazko bertsioak 634 artikulu biltzen ditu jada. (Audioan, Koldo Biguri Vikidiaren sustatzaileari egindako elkarrizketa).

Ohiko errutina bilakatu da. Zerbaiti buruzko zalantza agertu eta berehala jotzen dugu Wikipediara. Halere, informazio ugari egoteak ez du bermatzen informazio hori baliagarria izatea. Are gehiago, gaia eta erabiltzailearen arabera, informazio gehiegi izateak informazioa zarata hutsa bihur dezake.

Esaterako, paralelogramo kontzeptua bilatuz gero, hori definitzen duen formula konplexua agertzen da Wikipedian. Goiko aldean, berriz, Vikidiaren logotipoa agertzen da. Horren gainean klik egin eta loturak gaztetxoei zuzendutako beste entziklopedia batera eramaten du: Vikidiara, hain zuzen. Bertan agertzen den azalpena oso bestelakoa da: paralalogramoei buruz haurrek edota ezagutza matematiko handirik ez duen edozeinek ulertzeko moduko azalpena agertzen da bertan.

2006an Frantzian hasitako egitasmoa da Vikidia.org, eta azken hamarkada honetan, pixkanaka, ideia gorpuzten joan da. Bereziki, lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleak izan zituzten gogoan proiektuaren bultzatzaileek: 8 eta 13 urte bitarteko gaztetxoak, batez ere.Baina erraz ulertzeko moduko azalpenak behar dituen lagun ororentzat ere tresna egokia izan daiteke. 

Frantsesez hasitako Vikidiak hainbat hizkuntza ikasi ditu dagoeneko: italiera, gaztelania, ingelesa, katalana, errusiera, siziliera… eta euskara ere. Artikulu kopuruari dagokionez, bosgarren postuan dago euskara. Orain arte, 634 artikulu daude, eta kopurua, astero astero, gehitzen doa. 

Koldo Biguri izan da euskarazko bertsioaren bultzatzailea. Guraso bezala izandako esperientziak eraman zuen proiektuarekin bat egitera. "Etxeko lanak egiten semeei lagundu behar diegunean, askotan Wikipediara jotzen dugu. Nire kasuan, adibidez, gure semeak Charlie Chaplini buruzko lan bat egin behar zuen. Wikipediara jotzen baduzu, informazio mordoa agertzen da, baina ume batentzat ezinezkoa da horrenbesteko informazioa maneiatzea".

Euskarazko bertsioa

Vikidiaren berri izan zuen orduan, eta arras interesgarria iruditu zitzaion. "Tresna hori euskaraz ere behar genuela pentsatu nuen". Vikidiako sustatzaileekin harremanetan jarri zen, eta, lehen momentutik, laguntza osoa jaso zuela nabarmendu du Bigurik. "Oso jende atsegina da; pozez hartu zuten euskarazko bertsio bat egitearen ideia. Beraiek kontu tekniko guztiak lotu zituzten, eta ni edukiak martxan jartzeaz baino ez nintzen arduratu".

Hasierako kontaktu hori duela bi urte inguru izan zen. Orain, ia 640 artikulu daude, sei ataletan banatuta: artea, geografia, gizartea, historia, kirola eta zientzia.

Egitasmoaren beste oinarrietako bat ikasleen ekarpenak jasotzea da, beraiek artikuluak idatz ditzaten; beharrezkoa izanez gero, irakasleen laguntzarekin. Baina gaztetxoak ez dira jomuga bakarra. Vikidiaren webgunean bertan proposatzen dutenez, "euskara errazean idatzitako Wikipedia moduko bat izatea nahi dugu, eta, hartara, euskara ikasten ari diren helduentzat ere izan daiteke baliagarria". 

Entziklopedia batean agertzeko moduko edozein eduki sar daiteke bertan, betiere webgunean zehazten diren printzipioetan oinarrituta: neutraltasuna, askatasuna, errespetua eta malgutasuna. 

Wiki maratoia 

Biguriren arabera, gaur egun ezinbestekoa da horrelako baliabide bat euskaraz egotea. "Entziklopedia kolaboratiboa da, eta edozeinek idatzi, editatu edo zuzendu ditzake edukiak". Antzeko egitasmoetan izan ohi den moduan, bandalismoa ekiditeko baliabideak ditu ere Vikidiak. Horrela, ezezagun batek eduki faltsuak edo bertan dauden eduki onak ezabatuko balitu, egindako kaltea bertan behera uzteko bidea dago.

Bereziki hezkuntzaren munduan dabiltzanei egitasmoan parte hartzeko gonbita luzatu die Bigurik. "Batez ere irakasleek haien eskoletara eraman dezakete Vikidia; ez soilik edukien kontsumitzaile bezala, erabiltzaile aktibo bezala baizik, edukiak sortuz. Izan ere, gaur egun ikastetxeetan blogak eta web orriak erabili ohi dira, baina askotan bakoitzak bere bidetik jotzen du". Hortaz, tresna horiek modu zentralizatu batean erabiltzeko aukera nabarmendu du Bigurik."Hau biltegi egokia izan daiteke, jende orok edukiak erraz topatzeko modukoa". 

Euskarazko bertsioak, gainera, badu berezitasun bat. Vikidiak Wikimedia Fundazioarekin loturarik ez badu ere, euskarazko Wikipedia kudeatzen duen taldearekin harremanetan dago Biguri, eta elkarlana abiatu dute. Hala, Wikipedian dagoen eduki bat Vikidian egonez gero, Wikipediako irakurleek gazteentzako bertsiora zuzenean jotzeko aukera izango dute. 

Bigurik aurreratu du urrian "wiki maratoi" bat antolatu nahi dutela, Gasteizen. Halako ekimenetan jende asko elkartzen da, entziklopedia kolaboratiboak edukiez hornitzeko. Gasteizko Magisteritza eskolako zenbait irakaslerekin harremanetan dago Biguri, ekimen horretan parte har dezaten, eta harrera ona nabaritu du. "Maisu izan nahi direnentzat umeei zuzendutako testu egokituak egitea oso esperientzia interesgarria izan daiteke. Horrela ere lortuko dugu, pixkanaka, jendea proiektuari hurbiltzea eta Vikidiak arnasa hartzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago