Gaixoen tratamenduak hobera egin du eta infekzioak gutxiago dira. GIB birusaren eboluzioa positiboa izan dela agerikoa da, eta hala berretsi du Belen Martinezek, Sidalava Arabako Hiesaren Kontrako Batzordeko lehendakariak. Ez da, ordea, erlaxatzeko momentua: "Hiesari ez diogu beldurrik dagoeneko. Tratamendu onak daude, lasai gaude, eta errusiar erruletara jokatzen ari gara; egoera hau oso arriskutsua da". Azken urteetan infekzio kopuru bertsuak izan dira Araban, eta barealdi honekin egoera erabat kontrolpean izateko zailtasunak daudela uste du.
1981ean izan zen lehenengo aldiz hiesaren berri, AEBetan diagnostikatu zituzten aurreneko kasuekin. Laster agertu ziren Euskal Herrian ere lehenengoak, eta horri aurre egiteko asmoarekin heldu zen Arabara, 1987. urtean, Hiesaren Kontrako Batzordea, gaixotasuna zutenen familiek bultzatuta. Gaur egun, 100 bat lagun ari dira lanean Sidalavak eskaintzen dituen programa desberdinetan, 50 bat boluntariorekin batera. Izan ere, behar desberdinetara egokitzen joan da urte hauetan, eta, hiesaz harago, gizarte-bazterketa egoeran dauden hainbat lagunengana heldu da elkartea. "GIBa artatzeko jaio zen, 80. hamarkadan, tratamendurik ez zegoenean, dramatikoa zenean, nondik jo ere ez zekitenean, boluntarioen laguntzarekin batik bat", gogoratu du Martinezek. Gaur egun, lau ardatzetan banatzen dute lana: GIB birusa, gizarte-bazterketa, prostituzioa eta kartzela. "Eta, zalantzarik gabe, egoera berriei aurre egin beharko diogu aurrerantzean ere; une honetan, bazterkeria egoera dauden lagunen lan-munduratzean dugu arreta jarrita, La Caixa eta Vitalekin elkarlanean garatutako programei esker".
Erronka berriei aurre egiteko, elkartearen profesionalizazio handiago baten beharra dutela gogoratu du, eta bide horretan erakundeekin negoziatzea "lan zaila" dela aipatu. "Gero eta tamaina handiagoa, orduan eta kezka handiagoa eta erakundeekin ere borroka handiagoa".
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 106. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.