Gazte zela jakin zuen Juan Carlos Montesino gasteiztarrak GIB birusa zuela, eta duela hiru urte heldu zen Sidalavara, C hepatitisak gogor astindu ostean. Depresioak jota, elkartearen bitartez hasi zen Besarkada Etxean, gizarte-bazterketa egoeran dauden lagunentzako harrera etxean. Hiru urteren ostean, "bizitza aldatu" zaiola aitortu du.
Zer esanahi dauka zuretzat Sidalavak?
Bizitza berri baterako aukera izan da. Depresio handi batekin sartu nintzen Besarkada Etxean, nire gaixotasunarekin hilik amaitzeko etxea izango zela uste nuen, eta beste aukera bat eskaini dit honek. Orain zerbaiten parte sentitzen naiz.
GIB birusa eta C hepatitisarekin heldu zinen hara.
Hamabi urtetatik izan naiz droga kontsumitzailea, sustantzia mota guztiena, eta erabat hondoratuta utzi naute. Heroina kontsumitu dut 30 urte arte, eta kokaina ostean. Nik ere sekula GIBa hartuko ez nuela uste zuen horietakoa nintzen, baina azkenean birusa hartu nuen. Orain dela hiru urte, baina, egoera okertu egin zen, C hepatitisa nuela esan zidan doktoreak, egoera zailean gainera, eta beharrezkoa zela hori zaintzeko leku bat bilatzea. Besarkada Etxean hasi nintzen orduan, eta hiru urte beranduago harro esan dezaket, osatu ez banaiz ere, hepatitisa gainditu dudala. Egunean 16 pilula hartzera heldu nintzen, defentsarik gabe nengoelako, eta orain hiru baino ez. Prozesu gogorra izan da, baina amaitu da eta azken sei hilabeteetan bakarrik bizi naiz. Duela lau urte inork ez luke sosik emango nigatik.
Noiz hasi zinen GIBaren arriskuaz kontziente izaten?
Ni eta nire ingurukoak konturatu ginenerako berandu zen. Heroinaren erregeak ginen gaztetan; tontoa zena ere artista bilakatzen zuen droga madarikatu hark. Eta horren ondorioak ez genituen ongi neurtu. Gu libratuko ginela uste genuen, hainbat orratzekin izan eta gero arriskurik ez genuela; Besarkada Etxean hil ziren kaleko gogor guztiak.
Nolakoa izan zen egunerokoa Besarkada Etxean?
Elkarbizitza ez da erraza izan. Kaleko jendea gara eta zaila da. Bizitzan lekua aurkitzeko etxea da guretzat, hamalau lagunentzat, eta zaila da, noski. Baina uste dut errespetua nagusi izan dela, eta hori dela garrantzitsuena. Gainean dugun zama kontuan hartu gabe, gatozen lekutik gatozela, errespetua izan da etxeko eta langileen artean, eta horrek asko balio du. Sekula ez naute beste modu batera begiratu han.
Errespetu falta hori sumatu al duzu beste nonbaiten?
Bazterkeria egoeran gaudenok halakoak bizi ditugu. Zorionez, gero eta gutxiago, baina izaten dira halakoak. Orain Santa Catalina lorategian nabil lanean, eta erantzun txarren bat jaso dut drogazalea naizela uste dutelako. Eta min ematen dit, ez nigatik bakarrik, nire egoeran dauden guztiengatik; pertsona bakoitzaren atzean istorio bat dago, jendeak ezagutuko ez duena, eta laguntza behar dugu, laguntza. Nik ulertu dezaket hiesari beldurra izatea, baina informazioa falta da oraindik. Niri musu bat emateagatik ez da ezer gertatzen.
Elkarterako ari zara orain lanean, ezta?
Bai, gertatutakoak gertatu, elkarteari esker Santa Catalina lorategian ari naiz, eta oso gustura. Nigan ez nuen konfidantza handirik, baina egunez egun lan egiteak salbatu nau. Eta, era berean, nire laguntza beste batzuentzat ere baliagarri izan daitekeela uste dut, eta horregatik kolaboratzen dut elkartearekin; askok konpainia behar dute, eta ni laguntzeko prest nago. Beti gustatu izan zait jendearekin lan egitea.