Endesak ez du amore eman nahi

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko apirilaren 26a

Garoñako zentral nuklearra PHOT.OK

Garoñako jabeak bildu dira gaur. Iberdrolak berretsi du zentral nuklearra berriz irekitzea ez dela bideragarria, baina Endesak ez du amore eman nahi, eta erabakia atzeratzea nahi du.

Espainiako Gobernuak Garoñari buruzko txostena egin arte ez du erabakirik hartu nahi Endesak. Hala adierazi dute enpresako arduradunek Iberdrolarekin bildu baino lehen. Borja Prado Endesako lehendakariak esan du Espainiako Gobernuak irekitzeko baimenaren inguruan duen iritzia ezagutu arte itxarongo dutela. Gaineratu du Gobernuak energiaren inguruan dituen aurrera begirako planak ezagutu nahi dituztela behin betiko erabakia hartu baino lehen.

Espainiako Gobernuak sei hileko epea eman zuen Garoña berriro zabaltzeari buruzko alegazioak jasotzeko, eta tartean dauden alde guztiekin hitz egiteko. Printzipioz abuztua baino lehen hartuko du erabakia.

Iberdrolak bere aldetik berretsi du Garoñako zentral nuklearra berriro zabaltzea ez dela ekonomikoki bideragarria, eta ez dutela berriz zabaltzeko eskaera egin nahi. Nuclenor da Garoñako zentral nuklearraren jabea, eta enpresaren kontseiluan Iberdrola eta Endesa enpresako buruek parte hartzen dute.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago