Garoñari uko egiteko eskatu dio Iberdrolak Endesari

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2017ko mar. 31a, 14:32

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidenteak esan du zentral nuklearra ez dela ekonomikoki bideragarria.

Nuclenor da Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) kudeatzen duen sozietatea, eta Iberdrola eta Endesa dira haren bazkideak. Iberdrolako akziodunen batzarrean mintzatu da Sanchez Galan, eta, bertan, Endesari eskatu dio uko egiteko zentralari.

Sanchez Galanek "argi" hitz egin nahi izan du Garoñaz eta energia estrategiez: "Enpresek ez dugu energia politikarik egiten; herrialdeen arauekin, energia banatzen dugu modu seguru eta eraginkorrean". Azaldu du Garoñako zentralak "galera nabarmenak" dituela, eta gogorarazi lau urte daramatzala erabilerarik gabe.

Otsailean, zentrala berriz irekitzeko lehenbiziko pausoa eman zuen CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak. Osoko bilkura osatzen duten bortz kideetatik lauk bozkatu zuten Nuclenor enpresaren eskaeraren alde, eta, orain, bi pauso falta dira zentrala ireki ahal izateko: bata, CSNk paratutako baldintzak betetzea, eta, bertzea, Espainiako Gobernuak baimena ematea. Nuclenorren jabeen esku geldituko da azken erabakia; hau da, Endesak eta Iberdrolak erabaki beharko dute Garoña berriz zabaltzeko beharrezkoak diren inbertsioak egin nahi dituzten ala ez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago