Alonso eta Maroto absolbitu ditu Kontu Auzitegiak, San Antonio auziagatik

Erredakzioa 2016ko abe. 14a, 15:29

Gasteizko udal gobernua helegitea aurkeztea aztertzen ari da.

Kontu Auzitegiak Alfonso Alonso eta Javier Maroto absolbitu ditu, San Antonio kaleko lokalen auziagatik. Maiatzean, Kontu Auzitegiko beste organo batek 393.862 euroko zigorra ezarri zien Gasteizko alkate ohiei eta 2007an Gasteizko Udal Gobernua osatzen zuten beste zazpi kideri, lokalen kontratuarekin interes orokorrari kalte egin ziotelako.

Ebazpen horren kontrako helegitea jarri zuten orduan, eta orain auzitegi bereko beste epaimahai batek aintzat hartu eta absolbitzea erabaki du. Hiru magistratuetatik bik egin dute absoluzioaren alde: Margarita Mariscal de Gantek eta Jose Manuel Suarezek, hain zuzen ere, biak PPk proposatutakoak. Felipe Garciak, PSOEk proposatutako kideak, ordea, zigortzearen alde egin du.

Gasteizko udal gobernuak, bere aldetik, epaia aztertzeko eskatu die udal zerbitzu juridikoei. "Hauek Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa aurkeztea egokia dela uste badute, Udal gobernuak bide horri eutsiko dio", azaldu du ohar baten bidez.

San Antonio auzia

San Antonio kalean kokatzen diren aipatutako lokalak 2007an erosi zituen Gonzalo Antonek 2,7 milioi euroren truke eta 2007an udalak harekin hitzartu zuen alokairu kontratuak 7,6 miloi euroko kostua izan zuen, Alfonso Alonso alkate zela eta Javier Maroto Ogasun zinegotzia zela. Herritarrei laguntzeko bulegoak bertan instalatzeko helburuarekin, Gonzalo Anton enpresari arabarren lokal horiek alokatu zituen udalak, hogei urterako. Udalaren poltsikotik irten zen bulegoak berritzeko erabilitako dirua eta, gainera, kontratua ez eteteko hainbat klausula ere sinatu zen.

2016ko maiatzean Kontu Auzitegiak ebatzi zuen 2007an Gonzalo Antonekin sinatu zuten kontratuarekin hiriko diru publikoa kaltetu zutela eta Alonso eta Maroto, garai hartan udal gobernua osatzen zuten hainbat zinegotziekin batera, 393.862 euro ordaintzera zigortu zituen.

Auzian, Alfonso Alonsoren udal gobernua osatzen zuten zinegotzi guztiak daude: Alfredo Iturritxa, Marian Castellanos, Jorge Ibarrondo, Idoia Garmendia, Encina Serrano, Fernando Arangiz, Miguel Angel Etxebarria baita Manuel Uriarte ere, egungo Udaleko Ogasuneko arduraduna. PSEko zinegotzi bat ere Marian Gutierrez auzian sartuta dago, Alonsoren garaian Ogasuneko arduraduna baitzen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide