Estatuko Kontu Auzitegiak Alfonso Alonso eta Javier Maroto, Gasteizko alkate ohiak, zigortu ditu San Antonio kaleko lokalen kontratuarekin interes orokorrari kalte egin ziotelako.
Kontu Auzitegiak ebatzi du 2007an Gonzalo Antonekin sinatu zuten kontratuarekin hiriko diru publikoa kaltetu zutela eta Alonso eta Maroto, garai hartan udal gobernua osatzen zuten beste 7 zinegotziekin batera, 393.862 euro ordaintzera zigortu ditu. Alfonso Alonsoren udal gobernua osatzen zuten zinegotzien artean, Alfredo Iturritxa, Marian Castellanos, Jorge Ibarrondo, Idoia Garmendia, Encina Serrano, Fernando Arangiz eta Miguel Angel Etxebarria aurkitzen dira.
San Antonio auzia
San Antonio kalean kokatzen diren aipatutako lokalak 2007an erosi zituen Gonzalo Antonek 2,7 milioi euroren truke eta 2007an udalak harekin hitzartu zuen alokairu kontratuak 7,6 miloi euroko kostua izan zuen, Alfonso Alonso alkate zela eta Javier Maroto Ogasun zinegotzia zela. Herritarrei laguntzeko bulegoak bertan instalatzeko helburuarekin, Gonzalo Anton enpresari arabarraren lokal horiek alokatu zituen udalak, hogei urterako. Udalaren poltsikotik irten zen bulegoak berritzeko erabilitako dirua eta, gainera, kontratua ez eteteko hainbat klausula ere sinatu zituzten.