Euskararen Elkargunea "berpiztea" izan zuen lehentasuna Iñaki Prusillak (Gasteiz, 1974) saileko zinegotzi ardura jaso zuenean. Bertatik, hiriko paisaia linguistikoan eragiteko erronka dutela gogoratu du, eta, ildo beretik, legealdiko zutabe nagusietakoa izan daitekeen Gasteiz Antzokia abian jartzea.
Hasieran jarri zenituen helburuak betetzen ari ote dira?
Nahiko nuke urtebetean jarritako erronkak bete izan banitu, gero horiek sendotzen joateko. Hainbat pauso eman ditugu, baina gehiago eman behar ditugu, zalantzarik gabe. Euskararen Elkargunea berpiztea zen erronka, eta uste dut lortzen ari garela; euskalgintzan ari diren kolektiboek ikusi behar dute gobernu honek baduela konpromiso bat, eta ari gara, poliki-poliki, galdutako hori berreskuratzen. Elkargunetik, besteak beste, Udaleko araudietan euskara irizpideak barneratzeko eskatu dute eta hiriburuan euskararen presentzia areagotzeko; nahi genuen erritmoan ez, baina bagoaz aurrera.
Aztikerrek egindako azterketaren arabera, euskararen erabilerak gora egin du Gasteizen, baina oso mantso azken urteetan.
Portzentaje hori handituko da ziurrenik gazteen arteko neurketa bakarrik egingo bagenu. Kontuan izan behar dugu jaiotzak jaitsi direla eta, hain zuzen, gazteen artean entzuten dela gehien. Igoera oso txikia da, ziurrenik, baina bide onean goazela uste dut. Eta nik neuk etxean ikusten dut; aurrekoan hiru urteko semea etorri zitzaidan Pocoyoren gaztelaniazko ipuin batekin eta berak gogoratu zidan kotxea "gorria" zela eta ez "rojo". Nire adineko guraso asko seme-alaben bitartez ari gara euskalduntzen. Ni euskalduna naiz, ikastolan ikasi dut, baina nire emaztea ez, eta prozesu txiki horretan badago bera ere: etxeko lanak euskaraz egiten laguntzen, esaldi txikiak ikasten... Hainbat eta hainbat ari dira prozesu horretan, ikasketak euskaraz egiteko aukera izan ez zuten horiek.
Jatorri atzerritarreko herritarrak euskalduntzeko pausoak ematen ari dira?
Bai, hainbat ikastaro ditugu euskaltegietan, erraza ez den arren. Euskalduntze prozesua, halere, uste dut gazteekin eta umeekin etorriko dela, bertako jatorria dutenekin gertatu bezala. Etorkinen seme-alabak euskaldunak izango dira.
Ikastolek ahalbidetzen dute hori?
Denetarik dago. Nire semeak dauden eskola publikoa da, etorkinak daude eta uste dut hori aberasgarria dela denentzat. Beste zentro batzuetan badakigu ez daudela ia, eta hori aldatu egin behar da. Zergatik egon behar dute ikastolen ateak itxita etorkinentzat? Uste dut akordio batera heldu behar dugula herri mailan gauza horiek planteatzeko, eta ikastetxeek ikusteko aberasgarria dela hori, ez kontrakoa. Dena den, uste dut askotan diruak agintzen duela eskola batera edo bestera joateko orduan, eta ez hainbeste jatorriak...
Euskara saileko lehentasunetako bat izan da Euskararen Etxea azken urteetan. Noizko izango da bigarren zutabea prest: Gasteiz Antzokia?
Legealdi honetan jarri nahi dugu martxan. Badugu Santa Maria fundazioak egindako txosten bat, aurreko legealdian adostutakoa, eta guk leku aproposena bilatzeko bultzatutakoa. Txosten horretan badaude hainbat leku posible, eta leku egokiena Eskoriatza Eskibel da, eta atzean dituen antzinako ostatua eta pilotalekua. Orain proiektuak hanka bat du, Euskararen Etxea eta bigarrena beharrezkoa da euskaltzaleen arteko amets hori behingoz ikusi eta ukitzeko.
Hainbat eztabaida izan dituzue. Adostasunik bada?
Argi daukagu leku aproposena hori dela. Alde Zaharreko leku bat berreskuratuko da, eta ona da auzoarentzat eta baita hiriarentzat ere. Euskararen Etxea eta Gasteiz Antzokia euskararen arnagusne moduan planteatu da, eta horretan ados gaude, eta uste dugu bermatu eta bultzatu behar dela.
Auzolana pilotalekua bai ala ez da eztabaida, ezta?
Eztabaida dago pilotalekuarekin, bertan jarduerak egiten direlako. Han egiten diren jarduerak onak dira auzoarentzat eta horregatik bermatu nahi dugu Gasteiz Antzokiaren eraikinean leku bat, gela bat, antzokiaren gaineko solairua, auzo ekimen hauek egiteko. Frontoi bat egitea posible izango da, oraingoa baino txikiagoa beharbada, baina jarduerak egiteko aproposa. Bestalde, gaur egun pilotaleku hori dagoen moduan ez da egokiena jarduerak egiteko, segurtasun neurriak betetzen ez direlako, baina hori beste eztabaida bat da...
Kontrako iritziak izan arren, aurrera egingo duzue kokaleku horrekin?
Bilera gehiago izango ditugu honi buruz hitz egiteko, kolektiboei gogoratzeko auzokideentzako leku hori bermatu nahi dugula eta leku hori egongo dela. Uste dut proiektua aurrera eramateko momentu onean gaudela. Momentu hau galtzen baldin badugu arazo larri bat izango dugu; kokaleku bila jarraituko dugu beste bost urtez? Jendea uste dut nekatuta dagoela afera honekin.
Kokalekua proposatu zenutenean bazenekiten Auzolana pilotalekua mantentzearen aldekoak izango zirela, ezta?
Bai, erantzun bat espero genuen baina ez kontrako jarrera; agian dudak, kezkak eta espazio bat bermatzeko aldarrikapena, baina ez kontrako jarrera bat. Hor egiten diren jarduerak egiteko leku bat jartzea proposatu du Udalak, eta kudeaketan ez sartzeko. Prest gaude hitz egiteko, baina kontrako jarrera horrek kezkatzen gaitu.