Badator Kantari Gasteiz saioa. Aurreko asteburuan entseguak egin eta gero, euskarazko karaokean parte hartuko duten ia 200 umeak prest daude publikoaren aurrean abesteko eta dantzatzeko. Arabako Aleak, GEU elkarteak, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gasteizko Udalak, Vital Fundazioaren laguntzarekin, antolatu duten ikuskizuna goizeko 11:30ean abiatuko da, Oihaneder Euskararen etxean. Egun osoan, euskarazko karaokean izena eman duten talde guztiak taulara igoko dira.
Lehen edizio honetan Gasteizko eta inguruko herrietako 7 eta 11 urte bitarteko 172 gaztetxok hartuko dute parte. Hiriburuko zazpi ikastetxetako neska-mutikoak dira: hain justu ere, Lakuabizkarra, Adurtza, Arantzabela, Odon de Apraiz, Ikasbidea, Barrutia eta Toki Eder.
Partaideak hiru eta bost lagun bitarteko taldeetan daude banatuta; denera, zortzi karaoke saio grabatuko dira.
Zuzenean sarean
Emanaldia ikusteko gonbidapena beharrezkoa da. Era berean, alea.eus webguneak Kantari Gasteizen zuzenean ikusteko aukera emango du, streaming bidez bere hasiera orrian emitituko baitu.