700 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute igandean Bizilagunak programan

Erredakzioa 2016ko aza. 10a, 11:46

Nekane Zeberio, Calbulqadir Khaliif Diiriye, Rosabel Argote eta Mikel Maestre.

Aurten, Gasteizen ez ezik, Aiaraldean, Mendialdean eta Lautadan ere egingo dute. Bertan, etorkinek, errefuxiatuek eta bertako familiek elkarrekin bazkalduko dute.

Datorren igandean Bizilagunak, aldameneko familia programa egingo da Araban. Aurten, lehen aldiz, Gasteiztik kanpo ere egingo dituzte kulturen arteko bazkariak, hala nola, Aiaraldea, Mendialdea eta Lautadako zenbait herritan.

CEAR-Euskadik, Arabako Foru Aldundiko babesarekin, antolatzen duen ekimenaren xedea Araban kultura ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzea da. Horretarako, etorkinek, errefuxiatuek eta bertako familiek elkarrekin bazkalduko dute. Zehazki, bi familia, bat bertakoa eta bestea errefuxiatua edo migratzailea, bataren edo bestearen etxean elkartuko dira, elkarrekin egon, elkar ezagutu eta zurrumurru xenofoboen oinarria izaten diren aurreiritziak desegiteko. Gauza bera gertatuko da Euskal Herriko, Europako eta munduko herri eta hirietako beste hainbat etxeetan.

 721 parte-hartzaile

Guztira 721 lagunek eta 227 familiek izena eman dute: 93 bazkari izango dira Gasteizen (420 lagun), Agurainen (103), Araian (58), Dulantzin (39), Maeztun (54), Kanpezun (11), Amurrion (31) eta Laudion (5). Euskal Herriko familiekin batera, Maroko, Mendebaldeko Sahara, Dominikar Errepublika, Ekuador, Portugal, Ukraina, Kuba, Senegal eta Italiako parte hartzaileak izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago