CISek egindako inkestaren arabera, EAJk irabaziko lituzke Eusko Legebiltzarrerako bozak, guztira, 27 edo 28 eserleku lortuta. Ondoren, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos kokatuko lirateke, hurrenez hurren, 16 eta 15-16 legebiltzarkide lortuta. Elkarrekin Podemos lehen aldiz sartuko litzateke Eusko Legebiltzarrean. PSE eta PPren arteko berdinketa emango dela diote inkestaren datuek eta zortzina ordezkari izango lituzkete. Ciudadanosek Legebiltzarretik kanpo geratuko litzateke.
Araban, EAJ garaile
Araban ere EAJk legebiltzarkide gehien lortuko lituzke, guztira, zazpi. Elkarrekin Podemos izango litzateke bigarren indarra (sei eserleku) eta EH Bildu hirugarrena (bost eserleku). Haren atzetik, alderdi sozialista kokatuko litzateke, lau eserleku lortuta eta ondoren, PP, hiru legebiltzakiderekin.
Kanpainaren hasiera
Gaur gauerdian ekingo diote alderdi politikoek hauteskunde kanpainari eta talde politiko gehienek Gasteiz aukeratu dute hori egiteko. Esaterako, gaur 20:00 Elkarrekin Podemos izango da Burullerias plazan, Pili Zabalarekin. Ordu bete beranduago, 21:00etan Iñigo Urkullu eta Andoni Ortuzar izango dira Andre Maria Zuriaren plazan. Ciudadanos alderdiak, Albert Riveraren laguntzarekin, Jardines de Uletan hotelean, 20:30ean, hasiera emango dio kanpainari. Bihar, ostiralean, EH Bilduk aurkeztuko du kanpaina, Foru plazan, 18;45etan. Bertan, Arnaldo Otegi eta Miren Larrion izango dira. Cristina Cifuentes ere bihar etorriko da Gasteizera eta Pedro Sanchezek igandean egingo du.