Arabak emandako izen handien artean, Heraclio Alfarorena dago: 1893an Gasteizen jaioa, abiazioaren aitzindari nagusietako bat izan zen mundu-mailan. Berak egin zuen, hain zuzen, Espainiako lehenengo hegazkina, duela 102 urte.
Hiriko enpresaburu entzutetsu baten biloba izan zen Alfaro: Heraclio Fournierrena; alegia, karta-enpresa arrakastatsuaren sortzailearena. Marianistas ikastetxean ikasi zuen, eta bertan Luis Heintz irakasleak piztu zion aeronautika-zaletasuna. Frantzian eta Belgikan jarraitu zituen ikasketak eta, han, mende hasierako hegazkintzaren aurrerapenetan murgilduta, munduko piloturik gazteenetakoa izan zen, hamazazpi urte baino ez zituela.
Adoretsu, beste gasteiztar batzuen laguntzarekin hasi zen Heraclio Alfaro gaztea bere lehenengo hegazkinari forma ematen, hogei urterekin, haren aitak Gasteizko Florida kalean zuen lonjan. Urtebetean izan zuen prest tramankulua: 100 kilometro orduko abiaduran hegan egin zezakeen planobakar bat, egurrez, metalez eta olanaz egindakoa.
Egun handia 1914ko ekainaren 22an iritsi zen: orduan egin zuen bere lehenengo hegaldia Alfaro I hegazkinak, zur eta lur zeuden 25.000 hiritarren aurrean. Ordu erdiz egin zuen hegan lurretik 500 metrora, eta kilometro bateko altueraraino igo zen biharamunean. Hala kontatu zuen Jose Luis Sanez de Ugarte kronikariak, pilotu eta zientzialari gasteiztarrari buruzko bere liburuan (Heraclio Alfaro, aviador, inventor, ingeniero aeronáutico).
Ingeniariaren biografian, nabarmena da ere Gasteizko pilotu-eskolan irakasle aritu zela, Lakuan. Hori izan zen hain zuzen Espainiako abiazio-zibileko lehenengo eskola, Leonce Garnier abenturazale frantziarrak sortua.
Estatu Batuetan arrakasta
Espainia mailan arrakasta handiak lortu ondoren, Estatu Batuetara joan zen 1920an, ingeniaritza aeronautikoa ikastera. Bata bestearen atzetik etorri zitzaizkion lorpenak: gerra-hegazkinak, helikopteroak eta aireplano eta motore-mota ugari diseinatu zituen. Patente-kopuru itzela lortu zuen: 21 Estatu Batuetan, eta beste sei Kanadan.
Parkinsonaren lehenengo ajeek kolpatuta, Estatu Batuetatik itzuli zen ia 50 urte zituela; lehenengo Madrilera, gero Donostiara eta, azkenik, jaioterrira. Bertan, bere izena hartu zuen Gasteizko aeroklubak 1953an, Espainian sortzen lehena. Gaixotasunak jota, handik bederatzi urtera hil zen, 1962an.